HEZKUNTZA PUBLIKOA
ELAk salatu du EAEko Hezkuntza Sailak lan osasuneko legea urratzen duela
ELAren inkesta
EAEn ia 600 eskola daude sare publikoan eta 30.000 langile inguru irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaileen artean. ELAk euren lan osasunaren inguruko inkesta bat abiatu zuen iazko ikasturtean, eta langileriaren %40 inguruk parte hartu ondoren, honakoa ondorioztatu du: langileen %90k dio lan osasun psikosozialak direla euren lan baldintzetako kezkarik nagusiena, hau da, lehen ardura. Aldiz, Hezkuntza publikoko langileei ez zaie urteroko errekonozimendu medikurik egiten; ikasturte bakoitzean langileen kopuru oso mugatu bati soilik egiten zaie.
Horren aurrean, ELAk Hezkuntza Sailari apirilean eskatu zion EAEko eskola publikoetako arrisku psikosozialen azterketen inguruko informazioa. Zehazki, azterketa egina duten eskolen eta egina ez dutenen zerrendak, eta egina dutenen kasuan, azterketa horien emaitzak. Gaur-gaurkoz, Hezkuntza Sailak ez du eskaerari erantzun.
Bestalde, ELAk eskaera zuzena egin die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 eskola publikoetako zuzendaritzei zein Hezkuntza Sailari, jakiteko arrisku psikosozialen azterketa egina dagoen eta egina egonez gero, azterketa helarazteko. Jaso dituen erantzunetatik ondorengoa ondorioztatu du sindikatuak:
- 30 eskoletatik 4tan bakarrik pasa dute azterketa eginda.
- 4 horiek zaharkituta daude, 2016, 2017 eta 2020 (pandemia aurrekoak) direlako.
- Metodologia zaharkitua erabili dute.
- Prebentzio delegatu edota langileen ordezkaritzaren parte hartzerik gabe egin dira.
- Jasotzen dituzten neurri zuzentzaileak oso eskasak dira (esaterako, kirola egitea edo dieta meditarrenoa jarraitzea bezalako neurriak proposatzen dira, lana modu egokian egiteko denboraren kontrolik ez duten langileen kasurako).
- Neurri zuzentzaile berdintsuak jasotzen dira eskola horientzat, arazoak desberdinak izan arren (esaterako, proposatutako neurriak berdinak dira haur eta lehen hezkuntzako eskola baten eta bigarren hezkuntzako eskola baten kasuan).
- Proposatutako neurriak indibidualak dira eta langileengan jartzen dute konponbidearen karga guztia.
- Jasotako neurrien inguruko jarraipenik ez da egin, gainera.
- Eskola batzuen kasuan, Hezkuntza Sailak erantzun du prebentzio zerbitzuak datozen urteetarako planifikazioetan txertatuko duela azterketak egiteko zeregina.
Beraz, osasun arloko araudia ez da betetzen; arrisku psikosozialen azterketa egina eta eguneratua izatea derrigorrezkoa da, lan osasuna bermatzeko neurri prebentibo eta zuzentzaileak izatea.
Arrisku psikolozialen teknikari bakarra EAEn
Bestalde, Hezkuntza Sailaren prebentzio zerbitzuak ez du baliabide nahikorik. Araban, esaterako, 2 teknikari daude soilik prebentzio zerbitzu osoa emateko eta EAE osorako arrisku psikosozialen arloko teknikari bakarra dago.
ELAk abiatutako ekimena medio, Hezkuntzak prebentzio zerbitzua indartu beharrean, enpesa pribatu bat azpikontratazea erabaki du ikasturte bakoitzean hiruzpalau eskoletan arrisku psikosozialen azterketak egiteko. ELAk uste du beharrezkoa dela prebentzio zerbitzu propioa eta baliabide nahikoak azterketak modu egokian egiteko eta jarraipena emateko.
Horregatik, ELAk borrokan jarraituko du hezkuntza publikoko langileen lan osasun fisiko zein psikosoziala bermatzeko azterketak eta neurri egokiak lortzeko, egun ez daudelako.