ELAk salatu egin du Eusko Jaurlaritzak aparteko pagaren inguruan egin duen manipulazioa

2012/12/11
ELAk salatu egin du Patxi Lopezen gobernuak, kalkulu politikoei jarraiki, abenduko aparteko ordainsaria dela-eta eragin duen nahastea eta manipulazioa. Jaurlaritza jolasean ibili da arlo publikoko langileekin eta aparteko pagaren ordainarekin, benetan ordaintzeko borondaterik ez zeukan arren; izan ere, zinez soldata osoa ordaindu nahi izan balu honez gero eginda beharko zukeen, behin eta berriz ELAk exijitu zion bezala, hain zuzen oraingo egoerara iristea saihesteko.

ELAk gogoratu nahi du aparteko paga kentzea behin betikoa balitz zerbitzu publikoetako langileek dagoeneko krisia hasi eta murrizte politikak hasi zirenetik soldatetan %20 galdu izango dutela.

Sindikatu honen iritziz Madrilen esku-hartzea oso larria da, aldaketa konstituzionalak, oinarri-legeak eta zalantzazko neutraltasuna duten auzitegien babesa medio hondatzen ari baita euskal erabakigune urriak, baita euskal gizartean txirotze orokorra dakarten politikak inposatzen ere.

Eraso eta injerentzia hauek ikusita, ELA sindikatuak uste du inoiz baino premia handiagoa dagoela euskal alderdi politikoek eta erakundeek lehentasuna eman diezaioten beren konpromiso sozialari eta euskal gizarteak berton lan- eta bizi-baldintzak erabakitzeko duen eskubideari. Horretarako ez dago konfrontazioa eta desobedientzia beste biderik; aurre egin behar diete esku-hartzeei eta murrizketak inposatzeko saio guztiei, eta bertan behera utzi behar dituzte aurrez ezarritakoei.