ELAk salatu egin du Partaidek eta LABek ikastoletan sinatu duten akordioa

2014/02/25
Akordioak murrizketei babesa ematen die ikastola guztietan desatxikimendu orokorra egiteko aukera emanaz, hitzarmena finantziazio publikoaren menpe jartzen du eta urratu egiten du askatasun sindikala eta negoziazio kolektiborako eskubidea.

Joan den abenduaren 2an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako hitzarmenaren negoziazio-mahaian bilduta, Partaidek, EIBk eta LABek akordio bat sinatu zuten ordurarte indarrean zegoen hitzarmena aldatuz. Salatu beharra dago, ordea, ELAk, negoziazio-mahaian %39ko ordezkaritza izanik, oraindik ez duela ofizialki bileraren aktarik jaso, ezta han adostu zenaren berri ere.

Gogora ekarri beharrean gaude jada 2011ko urriaren 6an Partaidek eta LABek honen antzeko akordio bat sinatu zutela, zeina medio langileek beren gain hartzen baitzituzten 2011ko murrizketak; erreklamazio judizialei uko egiten zieten eta soldata haiek berreskuratzea finantziazio publikoaren baitan kokatzen zen.

Negoziazio-mahaian abenduaren 2an eta Bitariko Batzordean (berariaz honetarako sortu zena) abenduaren 3an itxi zen akordioaren eduki nagusiak hauek dira:

  • Ikastola guztiak hitzarmeneko soldata-tauletatik desatxikitzea ahalbidetzen eta adosten da (Bitariko Batzordeko akordioaren 3.1 puntua). Lan-erreforma kontutan ere hartzen ez duen sektoreko enpresa guztien desatxikimendua.

  • Taulen aplikazioan salbuespena gauzatzeko prozedura gisa espresuki aipatzen da Langileen Estatutuko 82.3 artikulua. Artikulu honetan, zeina 2012ko erreforma laboralean sartu zen, derrigorrezko arbitrajea jasotzen da.

  • 2009ko soldata-taulak berreskuratzeko aukera finantziazio publikoa izatearen baldintzapean jartzen da (Bitariko Batzordeko akordioaren 3.3, 3.5 eta 3.6 puntuak).

  • 2011n murrizketak aplikatzean sortutako zorraren ordaina ere guztiz finantziazio publikoaren baitan izango da (Bitariko Batzordeko akordioaren 3.2 puntua).

  • 2012, 2013 eta 2014 urteetarako oinarritzat murriztutako soldatak hartzen dira, %0,7ko igoera batekin gehienez sei urteko eperako, eta 2009ko taulekiko aldearen ordaina finantziazio publikoa izateak baldintzatzen du (Bitariko Batzordeko akordioaren 3.3 puntua).

  • Akordio hau bera ere ez aplikatzeko atea irekitzen da (Bitariko Batzordeko akordioaren 3.9 puntua).

  • Lanpostuak mantentzeko borondatea adierazten da, eta plaza berriak nahiz hutsik daudenak osatzeko lehentasuna izango dute Partaideko ikastoletan “soberakin” izan litezkeen langileek, baina inola ere ez da bermatzen enplegua mantenduko denik (aldatutako hitzarmenaren 2. Titulua, III bis atala).

Prozedura:

Eduki hau garatzeko Partaidek, EIBk eta LABek ez dute hitzarmen berri bat adostu; horren ordez indarrean zegoena zenbait edukitan aldatu dute. Besteak beste, honako puntuetan:

  • Hitzarmena Interpretatzeko Bitariko Batzordea Hitzarmenaren Bitariko Batzorde bihurtzen da, hitzarmena sinatzen dutenek soilik osatua. Nabarmena da, ordea, batzorde honi ematen zaizkion eginkizunak negoziazio-mahaiari dagozkiola benetan, legitimatuta dauden eta ordezkaritza nahikoa duten subjektu guztiek parte-hartzeko eskubidea duten mahiari, alegia, hitzarmena sinatu ala ez.

  • Esaterako, Bitariko Batzordeari ematen zaion eginkizuna da hitzarmeneko edozein puntu aldatzea, araututako edukiei eragiten dien lege-aldaketarik gertatuz gero (aldatutako hitzarmenaren 9. artikuluko 5. puntua).

  • Aldatutako hitzarmenaren 49. artikuluak Bitariko Batzordearen esku jartzen du finantziazio publikoa murrizteak eragindako soldatak ordaintzeko arazoak bideratzeko hartu beharreko erabakiak hartzea.

  • Hitzarmenaren testu berrian 57. artikulua aldatzen da, helburu bakarrarekin: soldata-taulak jasotzen ziren I eta II eranskinen aipamena ezabatzea. Ez dakigu aldatutako hitzarmenak soldata-taulen erreferentziarik egingo duen ala ez.

Zein ondorio ditu akordio honek?

  • Itunpeko patronalek etengabe eskatu izan duten moduan, akordioak babes legala ematen die 2010etik hona egin diren murrizketei, auzitegik legez kanpoko jo dituzten arren; galdutako soldata berreskuratzeko aukera herri-administrazioaren borondatearen eta finantziazioaren baitan uzten da.

  • Erreforma laborala ezartzen du eta 2009ko hitzarmena eta soldata-taulekiko desatxikimendu orokorra egiteko aukera zabaldu eta hitzartzen du.

  • 2011 eta 2014 bitartean metaturiko zorraren kobrantza airean uzten du, ordaintzeko modua eta epeak zehazteke, haatik, auzitegiek aitorturiko eskubidea sindikatuek -LABek barne- sartutako gatazka kolektiboa medio.

  • LABek berak sinaturiko hitzarmena erlatibizatzen du, edukiak eta betetzeko aukera finantziazio publikoa izatearen baldintzapean utziz.

  • Hitzarmenaren bizkarrezurra eta sektoreko negoziazio kolektiboaren zentzua bera desegiten du, ia hutsean uzten baitu negoziatzen duten aldeen autonomia. Hirugarren baten erabakien menpe uzten ditu eta, horrenbestez, galdu egiten da sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioaren zentzua. Izan ere, akordio honekin alde patronalak saihestu egiten ditu orain arte hitzarmenak ezartzen zizkion betebeharrak (orain arte auzitegien epaiek legez berretsi dituzten betebeharrak).

  • Gaurko eta etorkizuneko finantziazioari buruzko zalantza langileengan ezartzen du. Horrela, patronalak eta Eusko Jaurlaritzak gainetik kentzen dute edozein presio eta betebehar, eta lan-baldintzak berreskuratzeko aukera gobernuaren borondate onaren menean geratzen da, sektoreko patronalek inolako erantzukizun eta betebeharrik ez dutelarik.

  • Honela, onartu egiten dute Eusko Jaurlaritzaren murrizte politika eta langileen erantzuna indargabetzen da. Murrizketak negoziagarri diren esparruak irekitzen direla dirudi.

  • Oinarrizko eskubideak urratzen ditu, askatasun sindikala eta negoziazio kolektiborako eskubidea kasu, negoziaziotik baztertu nahi baitu, eta isilarazi, akordioaren edukia sala dezakeen edozein.
    Hain zuzen, ELAren ustez akordioaren hainbat puntuk negoziazio kolektiboaren eskubide eta funtsezko arauak aintzat hartzen ez dituenez, demanda sartuko du Partaidek, EIBk eta LABek sinatutako akordioaren aurka.

ELAren balorazioa

ELAren iritziz sinatutako akordioa oso larria da, edukiei zein egiteko moduei dagokienez.

Honek aurrekari oso larria sortzen du administrazioaren menpeko sektoreetako negoziazio kolektiboan, finantziazio nahikoa ez izateak justifikatu egingo bailuke hitzarmenen debaluazioa edota lan-baldintzak sakrifikatzea, inolako konfrontaziorik gabe. Bestalde, Partaidek eta LABek akordioa justifikatzeko ikastolen iraupena eta enplegua mantentzeko egiten dutela diote. Arrazoi hau, egungo egoeran, gainerako hitzarmenetara eramanez gero, patronalek proposatzen duten guztia sinatu beharko genuke, krisiaren eta murrizketen karga langileei egotziaz.

Benetan uste al du LABek honelako zerbait beste sektoreetara eraman daitekeela, edo soilik ikastoletan onar daitekeela uste du? Hala balitz, zergatik onartzen ditu LABek ikastoletako langileentzat beste sektoreetan onartezinak liratekeen akordioak?

Formei dagokionez, legearen aurkako izateaz gain guztiz onartezina da bai Partaide baita LABek ere langileen %39aren ordezkaritza duen ELAren parte-hartze eta interpelazioari betoa jarri nahi izatea negoziazio kolektiboaren oinarrizko edukietan hauen inguruko eztabaida eta erabakia ELA hitzarmenaren sinatzaile ez den heinean parte hartzen ez duen Bitariko Batzordera eramanez

ELAren ustez, ikastoletan LAB Partaideren zerbitzutara jarri da akordio hau sinatuta; honek aurreko hitzarmenak eskaintzen zuen babes-markoa zapuzten du, auzitegiek berretsi duten markoa, eta sindikatuaren botere-bitartekoei uko egiten die, horrela patronalei aukera ematen dielarik edozein unetan gehien interesatzen zaizkion erabakiak hartu ahal izateko. Bide batez Eusko Jaurlaritzari eta beronen murrizte politikari eragindako presioa ere indargabetzen da.

Horregatik, onartu ezinekoa da guretzat LABek ikastoletako hitzarmenaren ultraaktibitatearen iraupenari buruz hitz egitea, erreforma laboralaren aurkako blindajeaz, alde bakarreko salbuespenak saihesteaz edota ikastoletan parte hartzea ahalbidetzeaz. Larria da akordio hau itunpeko irakaskuntzan eredu gisa jarri nahi izatea, areago Gizarte-Ekimeneko ikastetxeetan (Kristau Eskola eta AICE-IZEAn) borrokan ari garenean hitzarmena osorik eta bere horretan mantendu eta aplika dadin, LABek Partaiderekin sinatu duen akordioan onartu dituen moduko atzerapausorik gabe.