ELAk salatzen du Barcinaren eta hurbileko komunikabideen euskarazko irakaskuntza kriminalizatzeko saiakera
Sindikatuak tinko salatzen du Yolanda Barcinaren euskarazko kriminalizatzeko saiakera, baita honen estrategiari komunikabide batzuen babesa ere, kasu honetan Guardia Civil-aren balizko txosten sekretu batean oinarriturik. Nafarroako Gobernuaren presidenteak publikoki adierazi du sare publikoaren irakasleak haurrak adoktrinatzen ari direla, ezker abertzalearen aginduak jarraituz.
Informazio hauek txosten sekretuak oinarri bezala hartzen badituzte, filtrazio horiek ikertu behar lirateke, eta Madrilgo Gobernuaren ordezkariak horri ekin behar lioke ahalik eta lasterren. Gainera, informazio hauek sare publikoaren D ereduaren eta ikastolen irakasleak erasotzen dituzte oso modu maltzurra eta bidegabekoan. ELAren ustez, jazarpen politikoa baino ez da, “zerrenda beltzak” eratzeko asmoan, eta bide batez, euskarazko irakaskuntza kriminalizatzea. Hau da, nafar eskuin politikoaren estrategia zaharra.
ELAk bere elkartasun osoa eskaintzen die ikastolen eta sare publikoen irakasleei: ehunaka langileak dira, eta egunero lan egiten dute kalitatezko eta berdintasunean oinarrituriko hezkuntzaren alde. Beti ere, ELAk salatzen du Barcinaren Gobernuaren eta hurbileko komunikabideen aurreiritzi politikoak eta euren manipulazioak.