ELAk salatzen du Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuaren murrizketa gehiago aplikatzeko asmoa

2013/02/11
Gaur Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian hezkuntzan murrizketa gehiago inposatzeko asmo azaldu du eta inola ere ez du bermatu Wert ministroaren hezkuntza erreformari aurre egiteko estrategia sendorik.

ELArentzat oso larria krisia eta diru-sarrera gutxitzea aitzakiatzat harturik hezkuntzan murrizketa berriak inposatu nahi izatea eta horrela egitekotan hezkuntzako langileak eta jendartea mobilizaziora deitzen ditu gure herriko hezkuntzak behar dituen baliabideak, inbertsioa eta kalitatea defendatzeko.

Gaur Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak bere sailak legealdi honetarako ditugun ildo nagusiak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean aurrean. Aurreko astean sindikatuoi aurreratu moduan, krisia, diru-sarreren gutxitzea eta egoera ekonomiko larria aitzakiatzat harturik Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan ere murrizketak egingo dituela aurreratu du. Hau honela izatekotan, Urkulluk, bai hauteskunde kanpainan baita lehendakaritza hartu berritan ere, inola ere pasatuko ez zituen “marra gorriak” ezerezean uzten ditu gobernu berriak, aurreko jaurlaritzari hainbestetan kritikaturiko murrizketa politikari jarraipena emanez.

ELArentzat guztiz onartezina da sufritzen ari garen egoera larri honetan, gure oraina eta etorkizuna babestu eta krisitik hobe irten ahal izateko hezkuntza inbertsioak egin beharrean, aurrez egindakoak sendotu eta gehiago inposatzeko erabakia.

Azken urteetan murrizketa gogorrak sufritu ditugu hezkuntzan eta ondorioz hezkuntzako langileen lan-baldintzak eta hezkuntzaren kalitatean bera ere kaltetuak izan dira. EAJ bera izan da aurreko legealdian murrizketa hauek salatu dituena. Orain ordea, gobernuan dagoenean, erabaki hauek atzera ez botatzeaz gain, murrizketa politika egonkortu eta murrizketa gehiago ezartzeko asmoa agertu du.

ELAk gogor salatzen du hipokresia hori eta Sailburu berriari eskatzen dio murrizketak alde batera utzi eta Europako herrialderik garatuenen hezkuntza mailara gerturatuko gaituen inbertsio politikak jar ditzala abian.

Bestalde, Wert ministroaren LOMCE hezkuntza erreforma dela eta Hezkuntza Sailak Eusko Jaurlaritzaren eskuduntzak defendatuko dituela azaldu du, beti ere espainiar estatuarekik  errespetuzko harremanean. Wert hezkuntza ministroak behin baino gehiagotan adierazi du, azkena sailburuari berari, erreforma hau itxia dagoela eta akordioekin edo akordiorik gabe onartzeko asmoa duela. Hau honela eta erreformaren edukia eta Espainiako Gobernuaren jarrera ikusita,

ELArentzat sinesgaitza eta oso larria da Uriarte sailburuak elkarrizketa eta adostasunerako egiten dituen deiak, erreformaren onarpena eta bere inposaketa Euskal Herrian galaraziko duten bide eta estrategia eraginkorrak jorratu beharrean.

Eusko Jaurlaritzak murrizketen bideari jarraipena ematen badio eta espainiar estaturik inposatu nahi dizkiguten murrizketa eta legeei men egiten badie, ELAk hezkuntzako langileak eta jendartea murrizketa eta inposizio hauen aurka eta oinarrizko zerbitzuen defentsan mobilizatzera deituko ditu.