ELAk salatzen du itunpeko irakaskuntzan ere murrizketak eta kaleratzeak egon direla

Azken urteetako bideari jarraituz, ikasturte honetan ere murrizketak izan dira itunpeko irakaskuntzan. Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak propagandaren bidez behin eta berriro sinestarazi nahi digunaren aurka, aurreko ikasturteetako murrizketei, iazko kurtso bukaeran eta aurtengo ikasturte hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Itunpeko irakaskuntzako patronalek egin dituzten murrizketak gehitzen zaizkie.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ikasgelak osatzeko eta ituntzerako orduan irizpideak aldatu ditu eta gelako ikasle ratioa igotzeko aukera eman du. Honek noski murrizketa berriak, plantillen gutxitzea, lan kargen handitzea eta hezkuntza kalitatearen kaltetzea dakar. Honen ondorioz eta lan erreformak ematen dizkien aukerez baliatuz Kristau Eskolako ikastetxe batzuk langileen kaleratzeak egin dituzte. Hau guztia, ikasturte honetan ere matrikulazioen igoera nabarmena eman denean.
Gogoratu beharrean gaude, murrizketa berri hauek aurrez bai “gizarte ekimeneko” ikastetxeetan baita ikastoletan ere inposaturiko soldata murrizketa eta izozteei, ordezkapenak ez egiteei, lan-kargen handitzeei, etab. gehitzen zaizkiela.
Honek guztiak, hezkuntzako langileen lan-baldintzak larriki kaltetzeaz gain, hezkuntzaren beraren kalitatea ere kaltetzen du eta krisi egoera honetan hartu behar diren neurrien guztiz kontrako norantzan jartzen gaitu, gure oraina eta belaunaldi berrien etorkizuna arriskuan jarriaz.
ELAk gogor salatzen du Celaa sailburuaren hipokresia eta hauteskunde propaganda hezkuntza funtsezkoa dela eta inola ere murrizketarik ez duela onartuko esaten duenean eta aldi berean, azken urte hauetan guztietan, bai irakaskuntza publikoan baita itunpeko irakaskuntzan ere murrizketa inposatzen ari denean.
Modu berean ELArentzat onartezina da itunpeko patronalek murrizketa hauen ondorioak zuzenean langileei ordain araztea.