ELAk selektibitatearen eta errebalida sistemaren aurkako ikasleen mobilizazioei babesa ematen die

2015/06/11
Sindikatuak selektibitatea nahiz LOMCE eta Heziberriren bidez inposatu nahi diren kanpo errebalidak gaitzesten ditu heziketa integrala eta ebaluazio jarrai eta pertsonalizatua oztopatzen dituztelako.

Aste hauetan burutzen ari diren selektibitate azterketak direla eta ikasleek bultzatu dituzten mobilizazioei babesa adierazten die ELA sindikatuak.

Selektibitatea espainiar estatuak ezarritako datuak eta edukiak neurtzen dituen eta ikasleen segregazioa helburu duen azterketa estandarizatua da. Azterketa mota hauek, ikasleak bidezko ez den moduan sailkatzeaz gain, heziketa integrala, datu eta eduki zehatzetatik haratago doazen hezkuntzaren dimentsio ezberdinen garapena oztopatzen dute eta hezkuntza sistema osoa baldintzatzen dute, bai pedagogia, bai curriculuma baita hezkuntza edukiak beraiek ere. Hezkuntza langileen lana bera ere asko mugatzen dute, benetako heziketa lana baldintzatuz eta azterketen prestaketa lanera bideratuz.

Gainera, ebaluazio sistema hauek ikasleen hezkuntza ibilbidea egun gutxi batzuetako azterketa estandarizatuen emaitzek mugatzea suposatzen dute. Sarritan norberaren ibilbide pertsonala bera ere mugatuz.

Ebaluazio sistema hau da Espainiako gobernuak LOMCEren bidez inposatu nahi duena, Nafarroako Gobernuak bere egin duena eta Eusko Jaurlaritzak, Heziberriren bidez, onartzen duena.

Hau honela, ELAk selektibitate azterketak nahiz LOMCE eta Heziberriren bidez inposatu nahi diren kanpo errebalidak gaitzesten ditu eta babes osoa adierazten die egun hauetan ikasleak plazaratzen ari diren salaketei eta antolatu dituzten mobilizazioei.

Azken urte, hilabete eta asteetan hainbat ikastetxe, auzo, herri eta eskualdeetan aldarrikatzen eta lantzen ari den bidetik, eraso hauei guztiei aurre egin eta Euskal Herrian gure behar eta nahiei erantzungo dien gure hezkuntza sistema behar dugu. Horretan jardungo dugu buru belarri.