ELAk txalotu egiten ditu eta elkartasuna adierazten die LOMCEren eta murrizketen aurka estatuan burutzen ari diren mobilizazioei

2013/10/23
Nahiz eta deialdi horretarako egiten den irakurketan guretzat funtsezkoak diren hainbat puntu falta eta LOMCEri eta murrizketa politikei aurre egiteko irizpide eta estrategia ezberdinak izan, ELAk txalotu egiten ditu eta elkartasuna adierazten die inposaketa basati hauei aurre egitea helburu duten honelako ekimenei.

 

Urriaren 24rako LOMCEren eta murrizketa politiken aurka estatuko toki ezberdinetan antolaturik dauden greba eta mobilizazioak direla eta ELAk oso garrantzitsutat jotzen du inposizio hauen aurka egiten diren ekimen oro. Sindikatuak Euskal Herrian hezkuntza eragile gehienekin orain hainbat hilabete abiaturiko bidea berresten du, gure ikastetxeetan hezkuntza erreforma sar ez dadin baliabide eta tresna eraginkorrak abian jarri asmoz eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema propioa erakitze bidean.

Estatuko gobernua inposatzen ari den hezkuntza erreforma eta murrizketa politikak direla eta asko izaten ari dira azken urte eta hilabeteetan erabateko kontrakotasuna adierazten ari diren hezkuntza eragileak. Horren baitan, urriaren 22 eta 23rako ikasleek deituta eta urriaren 24rako, ostegunerako, estatuko ikasle, familia eta sindikatu ezberdinek deituta greba eta mobilizazio ezberdinak deituak daude estatuko hainbat tokitan.

Nahiz eta deialdi horretarako egiten den irakurketan guretzat funtsezkoak diren hainbat puntu falta eta LOMCEri eta murrizketa politikei aurre egiteko irizpide eta estrategia ezberdinak izan, ELAk txalotu egiten ditu eta elkartasuna adierazten die inposaketa basati hauei aurre egitea helburu duten honelako ekimenei.

2009tik bide luzea daramagu inposaketa eta murrizketa politikei aurre eginez, tartean hainbat greba orokor, zerbitzu publikoetako greba eta lan-uzteak, ikastetxe ezberdinetan burutzen ari garen mobilizazio eta ekimen ezberdinak... eta gehiago egin beharko ditugu oraindik. Bide horretan ere, orain hainbat hilabete gure ibilbide propioa jarri genuen abian hainbat hezkuntza eragileren artean Hego Euskal Herriko ikastetxeetan LOMCEa aplikatzea ekidin asmoz eta gure hezkuntza sistema propioa garatzeko helburuarekin. Horren adierazle izan zen pasa den urriaren 12ko manifestazio jendetsua Bilboko kaleak betez. ELAk bere indar guztiak jarri nahi ditu bide horretan, izan ere, ulertzen baitu LOMCEri eta murrizketei aurre egingo badiegu, gure gobernuak politikak aldatzera behartzen ditugulako izango dela eta gure ikastetxeetan honelako inposaketak ez ezartzeko indar nahikoa lortzen dugulako.

Hau honela, bide horretan ere baliagarri delakoan eta elkartasun adierazpen moduan, egun hauetan eta bereziki datorren ostegunean LOMCEren aurka eta murrizketak salatzeko hainbat ikastetxetan egingo diren elkarretaretzeetan parte hartzera gonbidatzen ditugu hezkuntzako langileak.