ELAk UPV/EHUren berrantolaketan gardentasun, parte-hartze eta eztabaida eskatzen ditu

2014/11/27
Sindikatuak zentroen berrantolaketaren beharraren, helburuen edo diseinuaren inguruko eztabaida eza eta fase ezberdinen garapenaren eta unibertsitate komunitatean eta enpleguan duen eraginaren inguruko informazio falta salatzen du.

Gaur, azaroaren 27, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak Erretore-taldeak proposaturiko zentroen berrantolaketa bozkatuko du.

ELAk kontseiluari berrantolaketa honekiko bere desadostasuna adierazten duen eta ez onartzea eskatzen duen eskari idatzia luzatu dio. Horretarako ondorengo arrazoiak ditu:

  1. Unibertsitate Komunitatean ez da berrantolaketa honen inguruko benetako eztabaidarik eman, ez bere beharraren inguruan ezta berrantolaketa honek izan beharko lukeen diseinuaren inguruan ere;

  2. Berrantolaketa proposamen hau gauzatzerakoan erabili diren benetako irizpideak guztiz ezezagunak dira.

  3. Berrantolaketa honen ondorio orokorrak eta garatzeke dauden garrantzia handiagoko hurrengo faseek unibertsitate komunitate osoan eta langileen baldintzetan izango dituzten ondorioak guztiz ezezagunak dira. Ez da egon honen inguruko ez informazio ezta benetako negoziaziorik ere.

Hirugarren puntu honen inguruan aipatzekoa da ELA izan dela UPV/EHUn ordezkaritza duten sindikatuetatik bakarra zentroen berrantolaketa honi babesik eman ez diona. Hain zuzen ere, AZP eta IIPen Akordio Markoak ez zituen sinatu akordio hauek UPV/EHUko langileen lanpostu eta baldintzak mantentzea bermatzen ez zutelako, eta airean eta berrantolaketa onartu ondorengorako uzten zituelako AZPko 1.700 langileren egonkortasuna eta lan-baldintzak.

Proposaturiko berrantolaketak, ELAren kritikak jasotzeaz gain, unibertsitate komunitatearen barruan ere kontrako beste hainbat jarrera piztu ditu, ikasle-erakundeena edo unibertsitateko hainbat zentroena, esaterako.