HEZKUNTZA EAE

ELAk uste du ezinbestekoa dela ikasleen arteko banaketa orekatzea segregazioari aurre egiteko

2023/04/05
Jaurlaritzari eskatzen dio batzorde bat osa dezala eragile guztiekin, matrikulazioetako akatsak zuzendu eta bermeak ezartzeko

Segregazioari aurre egiteko Jaurlaritzaren araudiak eztabaida sortu du azken asteotan. Horren aurrean, ELAk azpimarratu nahi du ezinbestekoa dela jatorri sozioekonomiko ezberdinetako ikasleen banaketan oreka bilatzea. Horretarako, hainbat neurri hartu behar dira. Hala nola, ikasleak egoki banatzea, baina baita ikastetxeetako ratioak eta baliabideak hobetzea ikasleen aniztasunari erantzuteko, murgiltze eredua ezartzea - ez daitezen A ereduetan ikasle zaurgarrienak pilatu-, edota auzo eta herrian arteko aberastasunaren banaketaren aztertzea ere, besteak beste.

Era berean, neurri horiek eta matrikulazio dekretua behar bezala aplikatzen ari dela bermatzeko, ELAk Jaurlaritzari eskatzen dio batzorde bat era dezala eragile guztiekin neurrien berri jaso eta elkarrekin jarraipena egiteko.

Mugak eta neurri errealak

Ildo horretan, egungo hezkuntza sistema gainditu behar da segregazioa erreproduzitzen duen sare banaketarekin amaitzeko. Espainiako legedia horretarako oztopo da, ordea. Horregatik alboratu behar da Hezkuntza Hitzarmena, eta Espainiako marko legala gainditzeko konfrontazio dinamika bultzatu.

Bien bitartean, neurriak hartu behar dira. Matrikulazioa mugatzea da horietako bat, baldintza sozioekonomiko ezberdinetako ikasleak modu orekatuagoan bana daitezen. Gizarte kohesiorako gakoa da. Ikasleen heziketa prozesuaren parte izan behar baitu beste testuinguru sozioekonomikoetako ikasleen bizi esperientziak partekatzea. Hala ere, ulergarria da zenbait gurasoen artean haserrea piztea: matrikulazio askatasuna mugatzen baita segregazioarekin amaitzeko, eta ezingo dute euren seme-alaba nahi duten ikastetxera eraman. Jaurlaritzaren arabera, matrikulatutako ikasleen %6 daude egoera horretan. Bada, guraso horietako batzuek salatu dute Jaurlaritzak ez duela araudia bete.

Egoera horren aurrean, ELAk eskatzen du kasu horiek guztiak banan-banan aztertzea, araudi berriarekiko konfiantza landu eta balizko okerrak zuzentzeko. Horretarako, sindikatuek, guraso elkarteek eta patronalek lan batzordea osatzea proposatzen du ELAk, informazio guztia partekatu, okerrak zuzendu eta bermeak ezartzeko. Bada proposatu duenik matrikulazio datu guztiak publiko egitea. Neurri hori ez da mesedegarria, zaurgarritasun tasaren arabera eskolen arteko sailkapen bat egitea eragin dezake horrek, eta hori segregazioa konpontzeko baino, areagotzeko tresna izan daiteke.

Era berean, matrikulazioan ustez izandako okerrak salatzeko patronalen jarrera desegokia izan dela irizten dio ELAk, segregazioa gainditzeko beharrezko lan pedagogikotik urrun. Ikasle zaurgarriak seinalatzea dakar horrek, eta ez da gogoetarik egiten zergatik zaurgarrienek ez dituzten zentro horiek hautatzen. Gogoratu behar da ikasle horiek ere ezingo dutela hautatutako ikastetxean ikasi.

Horregatik guztiagatik, ELAk uste du Eusko Jaurlaritzaren matrikulazio araudia hankamotz datorrela sorburutik, epe laburrean ezinbestekoa izanagatik ere. Sakoneko aldaketak eragingo dituen hezkuntza sistema behar da. Horregatik, egun matrikulazio sistema horrekin kexu diren eragile guztiak Hezkuntza Legearen aurka mobilizatzea espero du sindikatuak.