ELAk uste du inoiz baino premiazkoagoa dela eskoletan euskarazko murgiltze eredua bultzatzea

2021/12/02
ELAk dio inoiz baino beharrezkoagoa dela euskarazko murgiltze eredua bultzatzea eskoletan. Horrela, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die azter ditzatela Arnas Dezagun plataformaren eskaerak -euskaldunak ez diren herrietan bizi diren gurasoek bultzatutako proiektua-, eta atea ireki diezaiotela euskararen ezagutza eta hizkuntzarekiko atxikimendu emozionala bermatuko dituen hezkuntza sistema bati.

ELAren iritziz, Arnas Dezagun elkarteak planteatutako eskaerak aintzat hartzekoak  dira, eta egun ohikoak diren taldekatze irizpideen gaineko azterketa sakona egin beharko litzateke. Hala, sindikatuak bat egiten du plataformak egite duen egoeraren salaketarekin. "Ukaezina da ikasleen euskarazko hizkuntza-gaitasuna oso eskasa dela eta hizkuntzaren erabilera kaltetzen duela".

Hala, ELAk adierazi du ikastetxeek ez dutela ikasleak euskalduntzeko helburua betetzen; ez da D ereduan lortzen, eta are gutxiago A, B eta G ereduetan. ELAk, hezkuntza komunitateko beste eragile euskaltzale batzuekin batera, urteak daramatza hizkuntza eredu horiek aldatu behar direla aldarrikatzen. Horrekin batera, EAEn eta Nafarroan murgiltze eredua berehala ezartzea exijitu izan du beti.

Gainera, uste du une honetan inoiz baino premiazkoagoa dela, Konstituzio Auzitegiak berriki emandako epaia eraso larria baita espainiera ez diren Estatuko hizkuntzentzat.

“Gaztelaniazko irakastorduen % 25 gutxienez ezartzeak agerian uzten du Espainiako Estatuak hizkuntza uniformizatzeko asmoa duela. Ildo beretik, geure hizkuntzarekiko aitortzan atzerapausoa da”

ELAren ustez, beren burua euskaldun eta abertzale gisa definitzen duten indar politiko eta instituzional guztiek Konstituzio Auzitegiaren epaia salatu beharko lukete, eta bere erantzukizun eremuan euskararen biziraupena bermatzeko neurri eraginkorrak ezarri.

Bestalde, EAEko Hezkuntza Sailak eztabaidaren erdigunean jarri du hezkuntza eredu berri baten gaia. ELAren ustez, balizko akordio batek hainbat elementu eta eduki jaso beharko lituzke, besteak beste, ikastetxe guztietan murgiltze eredua sustatzeko eta planifikatzeko neurriak ezartzeko epeak.