HEZKUNTZA PUBLIKOA

ELAren iritziz, Hezkuntza Sailak gaur Negoziazio Mahaia deitu izana “marketin” ariketa bat izan da

2025/02/25
ELAk salatu du Hezkuntza Sailak edukirik gabeko mahai bat deitu duela grebaren bezperan, eta akordioa gutxiengoan sinatzeko prest dagoela azaldu dela.

Hezkuntza Sailak Negoziazio Mahaia deitu du gaur arratsalderako, hezkuntza publikoan beste greba bat hasteko bezperan. ELAk berretsi du atzoko zein gaurko Mahaian edukiak ez direla nahikoak izan, eta berriro ere agerian geratu dela Sailak ez duela borondaterik izan lan baldintzak errotik hobetzeko. Beraz, gatazkari amaiera emateko ahalegin zintzoa baino gehiago, Departamentuak gaur egin duena "marketing" ariketa bat da, ELAren arabera, azken unera arte adostasun saiakera bat antzezteko.

ELAren arabera, Saila grebaren dinamika geldiarazten saiatu da, atzoko Mahaiarekin alderatuta aldaketa gutxi batzuk planteatuz, hala nola kargu akademikoak betetzeagatik pizgarriak handitzea edo adinagatik lanaldia murrizteko aukerak birformulatzea. Funtsean, dio ELAk, mahai gainean zeuden edukiak mantentzen dira. Adibide gisa, gaur proposatutako pizgarriaren igoerak ez luke urteko soldata gordinaren % 0,5eko igoera ere ekarriko.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak grebetatik kanpoko sindikatuak (langile gehienak ordezkatzen ez dituztenak) erabili nahi izan dituela salatu du ELAk, haiekin akordioa sinatzeko prest dagoela esanez. Greba deitu duten sindikatuok ordezkaritzaren % 90 daukagun bitartean, grebatik kanpo daudenek % 10 besterik ez dute egiten.

ELAk berretsi du grebaren bidea dela akordio on bat lortzeko jarraitu beharreko bidea.