ELAk hezkuntza erreforma salatzen du eta Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta alderdi politikoei aurre egiteko eskatzen die

2012/09/21
ELArentzat hezkuntza erreforma berria Euskal Herriko erakundeen eskuduntzetan eskusartze berri bat da, ez die euskal hezkuntza sistemaren beharrei erantzuten eta interes ekonomiko eta ideologikoen baitan egiten da. Horregatik, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta alderdi politikoei eskatzen die zentralizazio ahalegin eta hezkuntza eraso berri honi aurre egin diezaiotela eta Gasteiz eta Iruñako gobernuek duten eskuduntza defenda eta aldarrika dezatela

Gaur Madrilen bildu den ministro kontseiluak Wert hezkuntza ministroak aurkeztu duen hezkuntza erreforma lege aurreproiektua onartu du.

ELArentzat guztiz onarkaitza eta antidemokratikoa da honelako garrantzia eta eragina izango duen legea modu ezkutuan, eztabaidarik gabe eta inolako adostasunik gabe inposatu nahi izatea. Oso larria da, Wert ministroak erreforma publikoki aurkeztu izana eta hezkuntza eragileek eta sindikatuok oraindik lege aurreproiektuaren testurik ez izatea.

Komunikabideei emandako informazioaren baitan, argi dago erreforma honekin Espainiako Gobernuaren helburua hezkuntzaren zentralizazioa areagotzea dela, hezkuntza eta ikasleak merkatuen beharren baitan moldatzea eta adoktrinamendu ideologikoa inposatzea.

Bestalde, ELA beldur da, Espainiako Gobernuak azken urteetan inposatu dituen murrizketak kontutan izanik, Madrilgo gobernua erreforma berri honi buruz zabaldu duen informazio eskasean aipatu bai baina garatzen ez diren hainbat neurriz baliaturik hezkuntza inbertsioan murrizketa gogorrak inposatu nahiko dituen (plantillak mugatuz, ikasgaiak kenduz, funtzioak eta desplazamendu aukerak handituz, plazak amortizatuz, gelako ikasle kopurua handituz, etab.).

Zentralizazioa eta eskuduntzei eraso berri bat

Gogoratu beharrean gaude bai Eusko Jaurlaritzak baita Nafarrokoa Gobernuak ere hezkuntza eskuduntza osoak dituztela, baina PP eta PSOEren gobernu ezberdinek azken hamarkada luzetan inposaturiko oinarrizko legeen bidez (LOGSE, LODE, LOE...) eskuduntza hauek erabat mugatzen joan direla.

Oraingo hau, gure eskuduntzei eraso berri bat da, izan ere, beste behin, oinarrizko lege bidez eskoletan landu beharreko gaien %65 eta gainerako hainbat neurri Madrildik inposatu nahi dizkigute (egun aurrez aipaturiko oinarrizko legeen bidez jada edukien %55 Espainiako Gobernuak inposatzen digu).

Eskola porrota aitzakiatzat

Kontraerreforma” berri hau inposatzeko Wert ministroak estatu mailako %26,5eko eskola porrota jartzen du aitzakiatzat. Baina ezkutatu egiten du Euskadiko Autonomia Erkidegoan edo Nafarroako Foru Erkidegoan, murrizturiko eskuduntza hauei ahal izan diogun etekina ateraz eta hezkuntza eragileen eta langileen inplikazioaren bidez posible izan den eredu propioa garatuz, errealitatea oso bestelakoa dela. Besteak beste, eskola porrota, oraindik ere asko borrokatu eta hobetu behar den arren, %12,5 eta %17,9koa dela urrenez urren alegia.

Hezkuntza merkatuaren eta enpresen zerbitzura

Espainiako gobernuaren esanetan hezkuntza ekonomiaren eta enpresen beharretara moldatu behar da, “enpleagarritasuna” hobetzeko eta horren baitan aldatzen da DBHko 4. ikasturtea, moldatu nahi da Lanbide Heziketa eta sortzen da “prestakuntza eta ikasketa kontratua”. ELAren ustetan onartezina da ekonomia bermoldatzeko eta enplegua sortzeko inolako neurririk ez bultzatzea edo kontrako norantzan doazen neurriak hartzea, eta honen aitzakiatan hezkuntza merkatuaren eta enpresen zerbitzura jartzea, hezkuntzaren helburu beharko luken pertsonaren eta jendartearen garapena guztiz perbertituz.

14 urterekin ikasleak beraien heziketa ibilbidea erabakitzera behartzeak edo 15 urterekin Batxillergoa edo Lanbide Heziketara bideratzeak garapen pertsonala, heziketa integrala eta aukera berdintasuna mugatzen du “lehen” mailako eta “bigarren” mailako ikasleak sortzeko arriskua areagotuz. Ildo beretik doaz Lanbide Heziketan proposatzen diren aldaketak eta HLPP/PCPIetako moldaketak. Hezkuntzaren erabilera merkantilista onartezina da proposatzen dena.

8, 11, 15 eta 17 urterekin derrigorrezko azterketa orokorrak ipintzea eta “kanpotik” eginiko ebaluazioak ezartzea, garapen pertsonalerako eta ebaluazio pertsonalizatu aukerak mugatzea da eta ikastetxe eta irakasleen lanarekiko muga eta deskonfiantza handitzea.

Modu berean, atzerapauso nabaria da, aukerako ikasgaien kopurua edota batxillergorako bideak Madrilgo irizpideen baitan murriztu nahi izatea.

Euskal Herriko errealitate eta beharrei errespeturik ez

Are larriagoa gertatzen da intromisio eta inposaketa ahalegin hau Hego Euskal Herriko errealitatea eta beharrak guztiz ezberdinak direnean eta bai derrigorrezko hezkuntzan baita Lanbide Heziketan ere errealitate eta behar ezberdin horiei erantzungo dien hezkuntza politika eta proiektuak garatzeko premia dugunean.

Ildo berean, ELAri kezka handia sortzen dio, jada Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuek egin duten moduan, atzerriko hizkuntzen ikasketaren aitzakiatan euskarari orduan kendu eta gaztelaniari ordu gehiago ematea oinarrizko lege moduan inposatuko den. Beste behin ere hizkuntza eskubideen aurka joanez, euskalduntzea eragotziz eta benetako elebitasuna oztopatuz.

Adoktrinamendu ideologikoa

Bestalde, “Hiritartasunerako hezkuntza” ikasgaia “Heziketa zibiko eta konstituzionala” bihurtzeak interes ideologikoei erantzuten die, eta curriculumean nola garatzen denaren zain, beldur gara PPri gustatzen ez zaizkion gizarte ikuspegiak ezabatzeko eta estatuan dauden ezberdintasun nazionalak berdintzeko ahalegin soila ez ote den.

Proposamena erretiratu edo hezkuntza ministroaren dimisioa eta Euskal Herriko instituzio eta alderdiei aurre egiteko deia

Honegatik guztiagatik eta azken testu proposamenaren azterketa sakonago baten zain, benetako kontraerreforma honen oinarrizko edukiak eta prozedura ikusirik, ELAk ulertzen du lege aurreproiektu honek ez duela Euskal Herriko jendartearen, hezkuntza eragileen eta langileen inolako babesik eta beraz proposamena erretiratzea edo hezkuntza ministroaren dimisioa eskatzen du.

Modu berean, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuei, baita alderdi politiko guztiei ere eskatzen die Euskal Herritarrok nahi dugun hezkuntza sistema eraikitzeko ahalmenaren eraso berri honi aurre egin diezaiotela eta inola ere ez dezatela honelako eskuduntza murrizketarik eta erreforma atzerakoirik aplikatu.

Erantzun eta mobilizaziorako deia

Azkenik, ELAk jendarte osoari, hezkuntza eragileei eta hezkuntzako langileei dei egiten die eraso berri honi aurre egitera eta gure hezkuntza eskuduntzak eta eskubide zein lan eta bizi baldintzak defendatzera. Horretarako aukera paregabea daukagu datorren irailaren 26ko greba orokorrean.