Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Lege bat eta Curriculum berri bat lantzen ari da sindikatuoi bizkar emanez
Gaur bertan komunikabideen jakin du ELAk Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila beste behin hanibat hezkuntza eragilerekin bildu dela LOMCEri aurre egin asmoz Hezkuntza Lege baten eta curriculum berri baten inguruan hitz egiteko, sindikatuak eta ikasleen ordezkaritza alde batera utzita.
Legealdia hasi zuenetik ELAk Hezkuntza Sailari EAJ-PNVren hauteskunde programan azaltzen zen Hezkuntza Legearen inguruan galdegin dio hainbatetan zein asmo duen, zein eduki eman nahi dion eta noraino iritxi nahi duen jakin asmoz. Honelako egitasmo garrantzitsu batean hezkuntza eragile guztien partehartzea eskatu dio ELAk momentu oro sailari, modu berezian hezkuntzan sufritzen dugun egoera larria eta erasoak kontutan izanik. Jaurlaritzak inolako zehaztasunik ez emateaz gain, hezkuntza legea askoz ere aurreragorako uztea pentsatzen zuela adierazi izan dio beti.
Hau honela, komunikabideen bidez jakiten ari da ELA Hezkuntza Saila Hezkuntza Lege baten eta Curriculum berri baten lanketan ari dela eta horretarako jada hainbat hezkuntza eragilerekin bilerak egiten ari dela, baina inola ere ez hezkuntzako langileen ordezkariekin ez eta ikasleen ordezkariekin ere.
ELArentzat guztiz onartezina da hain garrantzitsuak diren egitasmoen berri modu honetan jakitea eta Hezkuntza Sailak sindikatuon eta beste eragile batzuen partehartzea kontutan ez izatea EAEko hezkuntza sistema egituratu eta arautzeko hain garrantzitsuak izan daitezkeen gaietan.
ELA beldur da sindikatuak alde batera utzi nahi izate honekin Eusko Jaurlaritzak LOMCEri eta EAEn ditugun hezkuntza beharrei moduren batean aurre egiten ari dionaren itxura eman nahi izatea, sindikatuok behin eta berriro plazaratu ditugun eskaera eta aldarrikapenak lausotuz.
Hau honela, hain egitasmo garrantzitsuen aurrean ELAk Eusko Jaurlaritzari bere egitasmoen inguruko informazioa, gardentasuna eta benetako parte hartze demokratikoa eta adostasun zabalak eskatzen dizkio.