ELAri larria iruditzen zaio Uriartek LOMCEren erabateko berrestea eta Madrilekiko menpekotasuna lorpentzat saldu nahi izatea
Atzo Madrilen burutu zen hezkuntzako sektore bileran LOMCE bere eduki guztietan berretsi zen. Honela aitortu zuten bertan izan ziren gobernu ordezkari gehienek. Aldaketa bakarra ondorengoa izan zen, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako kurtso amaierako azterketa orokorrak edo "errebalidak" arautzen dituen dekretuak berehala eta biak batera argitaratu beharrean, lehenik Lehen Hezkuntzako azterketak arautzen dituen dekretua argitaratuko dela (2015-16 ikasturtea hasi aurretik) eta Bigarren Hezkuntzakoa aurrerago onartuko dela. Baina edozein kasutan LOMCEren ezarpen epeak aldatu gabe, ezta "errebalidena" ere. Hau da, ikasturte honetan Lehen Hezkuntza osoan ezarriko da erreforma eta datorren ikasturtean (2016-17an) Bigarren Hezkuntza osoan, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko "errebalidak" barne, LOMCEk aurreikusten duen moduan, alegia.
Hau honela, ELArentzat oso larria eta etsigarria gertatzen da Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburuak, LOMCEren erabateko onarpena eta Madrilekiko menpekotasun oso suposatzen duen erabaki hau lorpen moduan azaldu nahi izatea.
Atzo adierazi moduan, ELAk jaurlaritzari ausardia eta erabaki politiko argia eskatzen dio erreforma basati honi aurre egiteko eta Euskal Herrian ez ezartzeko, edozein dela ere espainiar gobernuaren erabakia edota urte amaieran estatuan izango diren hauteskunde politikoen emaitza. Gainerakoa, hezkuntza komunitatearen eta euskal jendartearen borondateari entzungor egitea eta hauek nahasten saiatzea dela deritzo sindikatuak.