IKASTOLAK

Elkarreratzea sektoreko hitzarmeneko gabeziak salatzeko

2024/01/25
Elkarretaratzea Bilbon izan da, eta Gizarte Ekimeneko langileen greba eguneko manifestazioarekin topo egin dutenean, elkar txalotu diote bi sareetako langileek.

Ikastoletako ELAko langileek elkarreratzea egin dute Bilbon patronalek eta LAB sindikatuak soldatetara mugatzen den aurreakordioarekin duten desadostasuna adierazteko. Izan ere, aurreakordioak ontzat ematen du 2027an ikastoletako langileen soldatak parekatzea hezkuntza publikokoekin, baina epe horretako eroshalamena bermatu gabe.

Hezkuntza Legea onartzearen bezperetan, LABek lau urtetan itunpeko langileen soldatak publikokoekin parekatzea adostu zuen Jaurlaritzarekin eroshalamena bermatu gabe, lege horri babes sindikala emateko. Parekatze hori lau urtean egitea adostu zuten. Gizarte Ekimenetako grebak direla eta, Jaurlaritzak onartu du 2024ean egitea soldaten parekatzearen %80. Datozen urteetan, ordea, soldata igoera KPIaren erreferentziarik gabe egitea adostu zuen LABek Jaurlaritzarekin, eta ondorioz, soldata igoerak ez du bermatuko erosahalmena.

Ikastoletako negoziazio mahaian sinatu den aurreakordioa mantenduko balitz, Ikastoletako langilek soldaten inguruan erabakitzeko aukerarik gabe utziko ditu, eta sektore publikoaren menpe. Gainera, ELArentzat ulergaitza da aurreakordioa erdiestea soldataz besteko edukietan inolako zehaztapenik eta bermerik lortu gabe. Adibidez, jaiotze kopurua txikitzeak ekar dezakeen lanpostu suntsiketari aurre egiteko, edo lan kargen handitzeari aurre egiteko neurririk gabe.

Ikastoletan patronalen eta LABen artean sinatutako aurreakordioak Eusko Jaurlaritzak bultzatu du, eta bi helburu ditu: helburu nagusia da Gizarte Ekimeneko langileen greba dinamika kaltetzea (LAB sindikatuak %8ko ordezkaritza du Gizarte Ekimeneko mahaian) eta baldintzatzea (horregatik sinatu da aurrekoardioa Gizarte Ekimeneko urtarrileko greba egunen bezperetan); eta bigarren helburua da Ikastoletako langileak soldatak borrokatzeko aukerarik gabe uztea eta Ikastoletan bake soziala bermatzea.

ELAk, Ikastoletan ia %25eko ordezkaritza izanik, aurreakordioa ez du sinatu, eta larritzat jotzen du ikastoletako negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzea Ikastoletako langileei, eta aldi berean, Gizarte Ekimeneko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea baldintzatzeko asmo izatea.

Egoera horren aurrean, ELAko ikastoletako ordezkariek batzarrean adostu dute gaur elkarreratzea egitea, aurrekoardioaren gabeziak salatzeko eta eduki egokiak negozia daitezen eskatzeko. Hori dela eta, Bilboko Kale Nagusian egin dute protesta, eta Gizarte Ekimeneko manifestazioarekin bat egin dute une batez, bertatik pasa direnean.