EHU/UPV

Elkarretaratzea Legebiltzarraren aurrean, finantzaketa falta salatzeko

2023/09/28
Finantziaketa faltaren ondorioz errektoretzak hainbat murrizketa gauzatu ditu ikasturteotan: esaterako, irakasle ordezkoen kontratazioak era partzialean egiteko agindua, langile hauek lan-baldintza prekarioetara kondenatuz.

LAB, CCOO, Steilas eta ELA sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean, unibertsitateko murrizketak eta lan baldintza txarrak salatzeko. Horregatik deitu dute grebara urriaren 11rako, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile guztientzat. Datozen egunetan, sindikatuek batzarrak eta mobilizazioak egingo dituzte campus guztietan grebaren inguruan, eta gaur euren aldarrikapena eraman dute Legebiltzarrera, Eusko Jaurlaritzari dagokion erantzukizuna eskatzeko.

Egun Europan unibertsitate publikoak finantziatzeko batez bestekoa estatu bakoitzaren BPGren %0,91 da. USLO berak BPGren %1arekin finantziatzea jartzen du oinarri gisa. Aitzitik, EAEn Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoa finantziatzeko zuzentzen duena erditik behera dago: BPGren %0,4koa da eta murrizten doa azken urteotan. Horrek eragin zuzena du unibertsitateko langileen lan baldintzetan, eta ondorioz, eskaintzen den irakaskuntza kalitatean. Aurteko ikasturtea murrizketa larri batekin hasi dugu: jardunaldi osoan dauden irakasle eta ikertzaileak ordezkatzeko jardunaldi partzialeko kontratazioak egingo ditu errektoretzak, irakaskuntza prestatzeko, ikerkuntzarako eta koordinaziorako denbora aintzat hartu gabe.

Baina ordezkoen afera ez da irakasle eta ikertzaileen prekarizazioan sakontzen duen elementu bakarra; irakaskuntza zama etengabe handitzen doa, burokratizazioak gainkarga sortu du, erosahalmenaren galera %20ko da, diskriminazioak mantentzen dira kolektiboaren barruan...
Horregatik guztiagatik, LAB, CCOO, Steilas eta ELA sindikatuok greba deialdia egin dugu urriaren 11n, EHUko irakasle eta ikertzaile guztioi zuzenduta.