Epai batek UPV/EHUn irakasle-ikertzaile talde batek pairatutako soldata diskriminazioa zigortu du

ELAk abiatutako hiru gatazka kolektibo direla eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak UPV/EHU zigortu egin du arrazoirik gabe diskriminatu egin duelako doktoretza osteko irakasle-ikertzaile talde bat; hauek Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoen eta Ramon y Cajal zein Juan de la Cierva estatuko programen bidez kontratatuak ziren.
ELAk salatu egin zuen unibertsitatearen jokabidea: kolektibo horretako langileen urteko soldata mugatzen zuen aipatutako administrazioek emandako laguntzen zenbatekora, hau da, 28.000 €ra; aldiz, ikerketa eta irakaskuntza lan berberak egiteko zuzenean kontratatuei urtean 35.000 € ordaintzen dizkie. Horrek eragiten du lehen kolektiboak urtean 7.000 euro gutxiago jasotzea, inolako justifikaziorik gabe.
Epaiak zeharo gaitzesten du jokabide hori. Unibertsitatea 2019tik aurrera jakinaren gainean zegoen erabat zertan zebilen. Auzitegiak berariaz esaten du honakoa: "Prozedura honetan egiaztatu dena da EHUk ordainsari ezberdina ematen diola gatazka honek eragindako langileei, zeintzuk kontratatu zituen finantziaziorako laguntzen bidez. Soldata ezberdintasun honek ez du justifikaziorik".
Epai honek atea irekitzen du kaltea jasan duten 75 langileek 2019ko abendutik aurrera izandako soldata aldea erreklama dezaten, UPV/EHUn lanean jarraitzen dutela zein ez.