Gizarte Ekimeneko ikastetxeak

Epaiketa hasi da, patronalak ez direlako ordaintzen ari greba amaierako akordioan hitzartutako soldata igoerak

2024/10/15
ELAk, Steilasek, CCOOk, LABek eta UGTk Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalak salatu dituzte epaitegietan, ez dituztelako ordaindu nahi otsailean EAEko itunpeko eskolan sinatutako greba amaierako akordioan adostutako soldata igoerak.

Bilboko epaitegien aurrean egindako elkarretaratzean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako ordezkariek salatu dute patronalak eta ikastetxeak greba amaitzeko akordioan jasotako edukietako batzuk soilik aplikatzen hasi direla, eta hori guztia aldebakarreko irizpideak erabiliz. Adibidez, kolektibo jakin batzuetarako itundutako lanaldi murrizketak edo Lanbide Heziketako konpentsazioa. Beste eduki batzuk ez dira betetzen ari, soldaten kasuan bezala: ez dituzte ordaindu 2024rako adostutako igoerak, akordioak horrela behartzen dituen arren, eta ez dute zehaztu data bat soldata eguneratuak ordaintzen hasteko. Soldata igoera Jaurlaritzaren onespenaren eta finantzaketaren araberakoa izatea nahi dute, salatu dutenez.

Horregatik, sektore horretan ordezkaritza duten sindikatu guztiek salaketa jarri dute. Gatazka kolektiboko demanda aurkeztu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, 2024rako hitzartutako soldata ordainketak erreklamatzeko. Gaur, urriak 15, epaiketa egin da soldata ez ordaintzearen demanda aztertzeko.

Epaiketaren aurretik, zentro horietako ehunka ordezkarik elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean. Akordioa otsailaren 5ean sinatu zela gogorarazi dute, 14 eguneko greba eta mobilizazioen ondorioz; patronalek eta negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiek sinatu zutela; akordioa indarrean dagoela eta langileek akordioa bete dutela. Hala, sinatu zen egunetik bertan behera utzi zuten greba.

Hala ere, akordioa sinatu eta zortzi hilabetera, patronalak eta zentroak hitzarmena urratzen ari dira. Sindikatuen ekimenez dozena bat bilera egin diren arren, patronalak greba amaitzeko akordioan sinatutakoa berriro negoziatzen saiatzen ari dira, eta hitzarmenaren edukiak adostutako baldintzetan txertatzeko oztopoak jartzen ari dira.

Hori dela eta, sindikatuek iragarri dute ez dutela soilik auzibidera joko, baizik eta hitzartutakoa betearazteko beharrezkoak diren mobilizazioak abiaraziko dituztela. Gauzak horrela, greba amaitzeko akordioa itundutako baldintzetan betetzeko eta hitzarmenean sartzeko eskatu diete patronalei.