Paueko epategiak Hendaiako ikastolaren etorkizuna kinka larrian jartzen duela salatu du ELAk
Pasa den ekainaren 14an, bigarren aldiz epe motzean, Baionako Suprefetak Hendaiako Udalari debekatu egin zion Hendaiako ikastola diru publikoz laguntzea, eraikin berria egiteko asmoa zapuztu asmoz. Horretarako, beste behin ere, XIX. mendeko Falloux legea testuingurutik aterea eta modu guztiz itxian interpretatu du, 1969tik gaurdaino frantziar estatuak legeari eman dion interpretazioa eta iparraldeko erakunde eta eragileekin zuen adostasuna erabat zapuztuz.
Orain Paueko auzitegiak berretsi duen debeku honen ondorioz ikastolek ezin izango lukete diru publikorik jaso beraien heziketa proiektua aurrera eraman ahal izateko, nahiz eta egun Iparraldean 3.000 ikasle baina gehiago eskolaratu eta euskaldundu.
Frantziar estatuaren erabaki honek Hendaiako ikastolaren eta 180 familia eta 250 haurren etorkizuna kinka larrian jartzen du eta, erabakia zabalduz gero, Iparraldeko 30 ikastolen etorkizuna bera ere mehatxupean.
Frantziar estatuak frantsesa ez diren gainerako hizkuntzekiko duen errekonozimendu eza, Iparraldearen onarpenik eza eta hezkuntza politika tamalgarria medio, ikastolak dira Iparraldean euskarazko eta euskal nortasunaren eta kulturaren baitako hezkuntza bermatzen duten ikastetxe bakarrak.
ELArentzat, Hendaian ikastola izatea eta bere zabaltzea galaraztea, eta Iparralde osoan gauza bera egiteko mehatxua luzatzea, biziki larria da eta euskararen eta euskal kultura eta nortasunaren aurkako eraso onartezina.
ELAk bere babes osoa adierazten dio Hendaiako ikastolari eta Seaskari eta aldez aurretik aipatu moduan beharrezko ikusten du iparraldeko ikastolentzat honelako erasoetatik babestu eta funtzionamendu normala eta garapena bermatuko dien lege propio bat.