Donostiako Scientia Karmelo Ikastetxea

Erabateko jarraipena lehen greba egunean

2024/05/07
Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea, Hezkuntza Sailak zenbait enpresek itunpeko hezkuntzarekin negozioa egitea ahalbideratu duela salatzeko. Beste bost greba egun dituzte deituta: maiatzaren 8,9, 14, 15 eta 16an.

Donostiako Scientia Karmelo ikastetxeko langileek lehen greba eguna dute gaur. ELA sindikatuak jarraipenaren balorazioa oso positiboa egin du, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izanagatik ere, greba egiteko aukera izan dute langile guztiek bat egin dutelako grebarekin.

Eusko Jaurlaritzaren eta Hezkuntza Sailaren ardura azpimarratu nahi izan dute langileek. Horregatik egin dute kontzentrazioa Donostiako Andia kaleako egoitzaren aurrean. Bertan, langileen ordezkariek Hezkuntza Sailari bilera eskaera bat helarazi diote eta oroitarazi haien erantzukizuna auzi honetan. Izan ere, Itundutako hezkuntzako ikastetxea da Karmelo, eta ondorioz, Hezkuntza Sailaren funts publikoen bidez finantzatuta dago.

Langileek salatu dute administrazioak erabat ahalbideratu duela irakaskuntzarekin zerikusirik ez duten enpresak sartzea hezkuntza sisteman. Are gehiago, Scientia School bezalako enpresek funts publikoak jaso dituzte inolako bermerik gabe. Era berean, beste erakunde eta patronalaren ardura ere azpimarratu dute: kutsu urbanistiko eta inmobiliarioa duten negoziazioak saihesteko ardura baitute.

Horretaz gain, grebarekin 42 lanpostuak eta lan baldintzak defendatzea eskatu dute. Izan ere, Scientia School enpresak ikastetxea eta eraikina erosi zuen orain bost urte, eta iragarri du ikasturte amaieran itxiko duela. Bertako langileentzat inolako irtenbiderik ez da planteatu eta beharrezkoa den informazio eta dokumentazioa langileen ordezkariekin ez da partekatu.

Biharko grebari dagokionez, langileek elkarretaratzea egingo dute ikastetxearen atarian, 11:00etan. Eta ostegunean, maiatzaren 9an, euren aldarriak Udaletxeari zuzenduko dizkiete, 11:00etan bertatik abiatuko den manifestazioarekin.