EHU IKASTURTE HASIERA

Errektoretzari jarrera irmoa eskatu diote Jaurlaritzak finantzazioa handitu dezan

2025/09/10
EHUren ikasturte berriko ekitaldian, LABek, STEILASek, ELAk, LSBk, USOk, CGTk eta LKNk salatu dute unibertsitate publikoan finantzazioa murritza dela. Sindikatuek esan dute errektoretza taldeak jarrera irmoa izan behar du Eusko Jaurlaritzaren aurrean, beharrezko finantzazioa lortzeko. Eusko Jaurlaritzak 2025erako EHUri egindako ekarpena EAEko 2024ko BPGren % 0,42 baino ez da izan. Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak agintzen du 2030erako BPGaren %1 izan behar dela. Bien bitartean, gogorarazi dute Europako estatu askotan unibertsitate publikoen finantziazioak BPGren % 1 gainditzen duela.

Ikasturte berriak eredu pribatizatzaile eta neoliberal baten aldeko apustua berresten duela salatu dute. "Eusko Jaurlaritzak alfonbra gorria jartzen die unibertsitate pribatuei eta unibertsitate eredu elitista sustatzen du", diote.

Lehendakariari eskatu diote utzi diezaiola bikaintasunari buruz hitz egiteari EHU ez baita inondik inora eredu. EHUko irakasle eta ikertzaileen oinarrizko soldatak bigarren hezkuntzako irakasleen oinarrizko soldatak baino txikiagoak dira, eta erosahalmenaren galera oso nabaria izan da. 2008tik, irakasle agregatuen eta unibertsitateko titularren soldatak % 24,3ko debaluazioa izan du. Horri gehitu behar zaio soldatak osatzeko 2006an onartutako osagarriak izoztuta mantentzen direla, urte horretatik aurrera KPIaren % 46,6ko igoera izan baita.

Prekaritateaz hitz egin dute. Izan ere, lanaldi osoko ordezko irakasleak kontratatzeko bidea aurkitu duten arren, lanaldi partzialeko irakasleek 400 eta 800 euro artean kobratzen jarraitzen dute, egiten dituzten ezinbesteko jardueretako batzuk aintzatetsi gabe. "Unibertsitateko irakasle izateko behar den iraupen karrerak ez du lanbide hau erakargarri egiten, ez behintzat ikuspegi ekonomiko batetik", deitoratu dute.

Horren erakusgarri da jakintza arlo batzuetan gero eta irakasle postu gehiago geratzen direla hutsik. Ohartarazi dute horrek ondorio larriak izango dituela epe ertain eta luzera, unibertsitate publikoko sail batzuetan ez baita irakasle nahikorik egongo.

Horri guztiari 2024-25 ikasturtearen amaieran jasotako beste errebindikazio bat gehitu behar zaio: finantzazio faltagatik, gaindituak zeuden irakasle laguntzaile doktoreen eta sustapeneko irakasleen plazak sortzea bertan behera uztea. Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako teknikarien kasuan (PTGAS), azken 15 urteetan izandako erosahalmenaren galera % 18,2koa izan da, eta zerbitzu eta sail askotan langile gehiago behar dira. Ordainsari-maila txikiena duten lanpostuak berrikusi egin behar dira, eta soldata duinak bermatu behar dira, bizitzaren benetako kostuarekin bat datozenak.

Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako teknikarien lana ezinbestekoa da irakaskuntza, ikerketa eta gainerako jarduerak behar bezala garatzeko. Hala ere, Europako beste herrialde batzuetan PDI/PTGAS ratioa 2 da; EHUn, berriz, 2,76.

Gauzak horrela, unibertsitate publikoak euskal gizarteak prestakuntzan, ikerketan eta dibulgazioan dituen beharrei erantzun ahal izateko, beharrezkotzat jotzen dute zenbait neurri ezartzea: langile nahikoa izatea, lan baldintza onak izatea, doktore tesiak egiteko kontratuen kopurua handitzea; ikerketarako baliabide nahikoak bermatzea; beharrezko instalazio berriak martxan jartzea; eraikinen mantentze lanak egitea (zentro batzuetan itoginak daude urtero); zenbait zerbitzuren pribatizazioa amaitzea eta sailak eta zerbitzuak ondo hornitzea.