Eskola itzuleran Hezkuntza Sailaren inprobisazioa eta planifikazio falta salatu du ELAk

Jaurlaritza ez da bildu sindikatuekin, eta eskoletan positiboetarako jarraibideak zeintzuk diren erabat argitu gabe jarraitzen du, onargaitza dena.
ELAK gogorarazi nahi du Covid-agatik bajan dauden langileak lehen egunetik ordezkatu behar dituela Hezkuntzak -gutxienekoa izan beharko luke-. Hezkuntza publikoko zenbait sektoretan, ordea, ez dira langileak ordezkatzen edo oso berandu, sukalde eta garbiketan, esaterako. Eta irakasleen kasuan, gainera, ordezkapenak egiteko plataforma digitala urtarrilak 5ean jarri zuten abian, hau da, azken momentuan; hasierako erabakia plataformaren zabaltzea atzeratzea izan baitzen.
Hirugarren ikasturtea da pandemiaren eraginpean, eta Hezkuntza Sailak hainbat arazori aurre egin gabe segitzen du, esaterako, konfinamenduak ikasketa prozesuetan duen eraginari, euskararen gaitasunean izan dezakeen kalteei eta abar. Kalte horiei guztiei erantzuteko aurreikuspen zein baliabide egokiak behar dira.
Gainera, Hezkuntzako langileek ez dute beraien ardurapean dauden pertsona konfinatuak zaintzeko inolako ordainpeko baimenik hartzeko aukerarik.
Horren aurrean, ELAk Hezkuntza Sailari honakoa hau eskatu nahi dio: inprobisazioa eta alde bakarreko kudeaketa alboratu ditzala, eta sindikatuokin ere bildu dadila egoera larri hau kudeatzeko beharrezko plangintza eta erantzun egokiak adosteko.