Patronalek eskola orduaren murrizketa 2026-2027 ikasturtetik aurrera aplikatzeko asmoa agertu dute
Gaurko negoziazio mahaira Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek idatziz ekarri duten proposamenean, Greba Amaierako Akordioan (GAA) adostutako eskola, hots, orduaren murrizketa 26-27 ikasturtetik aurrera aplikatzeko asmoa adierazi dute.
Hala ere, eskola orduaren murrizketa 25-26 ikasturtean ez aplikatu izanagatik balizko konpentsaziorik proposatu gabe jarraitzen dute. Lan pertsonalerako ordu osagarri bat etxean egin ahal izatea ezin baita konpentsazio deitu.
Gainera, GAA sinatu zenetik 2 urte beranduago, bertan adostutako beste eduki garrantzistu batzuk ere hitzarmenerako testuan adostutako terminoetan txertatu gabe jarraitzen dute; soldata igoerak kontzeptu denetan edo birkokapena posible ez den kasuan 26 lan eguneko kalte ordaina kasu. Gainera aurreko hitzarmenean jasotzen diren eskubide batzuetan atzerapausuak proposatzen jarraitzen dute.
Sektorean gehiengoa duen ELA sindikatuak bultzatuta 14 greba egun egin zituzten langileek greba amaierako akordioa lortzeko. 2 urte geroago eta hainbat negoziazio mahai eta elkarretaratze ondoren, urtarrilaren 20an ELAk bakarrik deituta beste greba egun bat egin dute akordioa bere osotasunean betetzea eta hitzarmenean txertatzea eskatzeko.
Patronalek, behin eta berriro epaitegietara jotzera behartu dituzte langileak akordioan argi eta garbi adostuta dauden gaiak betearazteko, “fede txar nabaria eta dilazio estrategia bidegabea erabiliz”.
Testuinguru honetan, ELAk ez du adostutakoarekiko atzerapausuak dituen akordiorik sinatuko. Ez eta adostutako eskola ordua atzerapenarekin aplikatzeagatik balizko konpentsaziorik gabeko adostasunik itxiko. Hala adierazi du ELAk gaur izandako bileran eta baita bilera aurretik egindako ordezkarien elkarretaratzean ere. Hurrengo mahaia ekainaren 5ean izango da.