Eskoletako segregazioa gora doa Hezkuntza Sailaren irregulartasunak medio

2019/03/28
Segregazio egoera nabaria duten eskola batzuetan desoreka areagotzen duten irregulartasun larriak ari da egiten Hezkuntza Saila.

Egungo jendartean desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira; izan ere, aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da. Alde batetik, krisi ekonomikoaren aitzakiapean inposatu diren murrizketa politiken ondorioz, egoera sozioekonomiko txarra duten familia kopurua gorantz doa eta pobrezia hedatzen ari da, emakumeen artean bereziki. Bestetik, atzerritik gure herrira etorri diren edota etorri behar izan duten familia kopurua ere gorantz doa.

Guzti honen ondorioz gure eskoletako ikaslegoa gero eta anitzagoa da; aniztasun hau, ordea, modu desorekatuan dago banatuta EAEko ikastetxetan. Orokorrean desoreka hau ikastetxe publiko eta itunpekoen artean ematen da, baina baita ikastetxe publiko ezberdinen artean edo itunpeko ikastetxe ezberdinen artean ere (esaterako, Ikastola eta Gizarte Ekimeneko ikastetxeen arteko diferentzia nabarmena da). Horrela, eskolak, kasu askotan abiapuntuko desberdinatasun eta desorekak erreproduzitzen ditu, baita kasu batzuetan areagotu ere.

Gure hezkuntza sistemak abiapuntuko ezberdintasunei aurre egiteko neurri zehatz eta eraginkorrak eta laguntza eta baliabide gehiago behar ditu. Eusko Jaurlaritzaren politikak, ordea, kontrako norazkoan doaz.

Azken urte luzeetan jatorri ezberdinetako ikasleak eskolatzerakoan sortzen ari diren desorekak ekiditeko ez du inolako neurririk hartu, hiri, herri edo auzo batzuetan segregazio egoera nabariak sortuz. Iazko azaroan aurkezturiko “Atzerritar jatorriko eskolatzea EAEko eskola-sisteman. Diagnostikoa eta esku hartzeko neurri berriak” proposamenean jasotako neurriek apenas izan dute eraginik egoera bideratzen hasteko.

Honi gehitzen zaio krisiaren aitzakiapean gobernuak hezkuntzan (eta oro har zerbitzu publiko guztien) eragin duen deskapitalizazioa zor publikoaren ordainketaren mesedetan. Honek, aniztasun eta egoera konplexuei aurre egiteko ezinbestekoak diren plantilla eta baliabideetan murrizketa eta ondorio larriak izan ditu: gelako ikasle ratioen igoera, lanpostuen suntsiketa, behin-behinekotasun maila onartezinak, hezkuntza behar bereziak izendatzeko irizpideak gogortu dira…

Honen guztiaren ondorioa da jatorri ezberdinetako ikasleen eskolatzean desoreka nabarmenak bere horretan mantentzeaz gain, areagotzen aritzea, modu berezian Eskola Publikoaren kaltetan.

Hezkuntza Sailak egoera honi aurre egiteko neurri zehatz eta eraginkorrak ez hartzeaz gain, ELAri bereziki larria iruditzen zaio jatorri ezberdinetako ikasleen eskolatzean desorekak areagotzen dituen irregulartasun larriak egin izana.

Ordizian, esaterako, Eskola Publikoan, Haur eta Lehen Hezkuntzan, Euskal Herrian jatorria duten familietako ikasleak %63 dira eta jatorri atzerritarra duten familietako ikasleak %37. Herrian eskolatzen diren jatorri atzerritarreko familietako ikasleen %87k Eskola Publikoan egiten dute eta %13k Ikastolan. Haur Hezkuntzan desoreka oraindik ere handiagoa da, Euskal Herrian jatorria duten familietako ikasleak %53 baitira eta jatorri atzerritarra duten familietako ikasleak %47. Jatorri atzerritarreko familietako ikasleen %89 Eskola Publikoan eskolatzen direlarik eta %11 Ikastolan.

Egoera hau izanik, iaz Hezkuntza Sailak 2018-19 ikasturterako Ordiziako Jakintza Ikastolak 3 urteko mailan 3. gela ituntzeko egin zuen eskaera atzera botatzea erabaki zuen eta planifikaziotik kanpo geratzen ziren 11 ikasleak familiek aukeraturiko Lazkaoko San Benito Ikastolan matrikulatzea. Orain jakin dugu, ordea, 1/2018 matrikulazio dekretuaren irizpideak urratuz, Hezkuntza Sailak 11 ikasle horien matrikulazioa aldatu eta Jakintza Ikastolan matrikulatu dituela. Eta horri jarraituz, Jakintza Ikastolak 2019-20 ikasturterako 4 urteko mailan 3. gela ituntzeko egin duen eskaera behin-behinean onartzea erabaki duela. Hau gutxi balitz, pasa den ostiralean, Sailburuak Legebiltzarrean eginiko agerraldian jakin genuen 2019-20 ikasturterako 3 urteko mailan ere 3. gela ituntzeko asmoa duela Hezkuntza Sailak.

ELAri oso larria iruditzen zaio Eusko Jaurlaritzak hasieran deskribaturiko segregazio egoera honi aurre egiteko neurri zehatz eta eraginkorrak ez hartzea, baina are larriagoa oraindik desorekak areagotzen dituzten neurriak bultzatzea eta hauek gainera irregulartasun larriak eginez gauzatzea.

Sindikatuak Hezkuntza Sailari exijitzen dio modu berezian Hezkuntza Publikoa kaltetzen, baina baita auzo eta herrietako elkarbizitza, aniztasunaren kudeaketa egokia eta berdintasuna eta inklusioa ere oztopatzen duen egoera honi aurre egiteko neurri zehatz eta eraginkorrak abian jartzea. Oinarrizko eskubideak, justizia soziala eta gizarte integrazio eta inklusioa jokoan daude.