Espainiako Gobernuak irakasleen kontsolidaziorako proposatutako zirriborroak ez die EAEko eta Nafarroako hezkuntzako beharrei erantzuten

2021/12/22
ELAk EAEko eta Nafarroako Hezkuntza Sailei euren eskumenak defendatzeko eskatzen die, Madrilen asmoa inposizioa baita, eta 2022rako behar adina irakasle plaza atera eta behin-behinekoak kontsolidatzeko prozesu bermatzaileak negoziatzea galdegin die.

ELA Estatuko Hezkuntza Ministerioarekin irakasle funtzionarioen negoziazio mahaian izan zen, eta sindikatua ez dago ados Hego Euskal Herriko 17.000 behin-behineko irakasleri eragiten dion salbuespenezko hautatze prozesuaren zirriborroarekin -zirriborro hori Hezkuntza Ministeritzak estatuko erkidegoetako ordezkariekin izandako bileran jorratu zen-.

Hain zuzen ere, ELA ez dator bat proposamenarekin honako arrazoiengatik: alde batetik, EAEko eta Nafarroako eskuduntzen eta erabakitzeko ahalmenaren urraketa suposatzen du, prozesu motak mugatu egiten baitu zein meritu aintzatetsi eta froga bakoitzaren balorazio eta pisua hemen negoziatzeko aukera. Bestetik, ez du kontsolidatzeko bermerik eskaintzen.

Egia da badituela abantaila batzuk prozesu arruntekin konparatuz gero, hala nola, lan egiteko denborak prozesuan balorazio handiagoa duela, baina ez da nahikoa kontsolidazioa bermatzeko.

Horrela, zirriborroari jarraiki, oposizio-lehiaketa prozesuari dagokionez, baztertzailea izango den oposizio fase bat aurreikusten du: 10etik 5 puntu gutxienez ez badira lortzen, prozesutik kanpo eta postua lortzeko aukera gabe geratuko lirateke hautagaiak; meritu-lehiaketa bidezko prozesuei dagokionez, irakasle gisa lan egindako denborak prozesu arrunt batean baino balorazioa handiagoa izanagatik ere, ez da nahikoa kontsolidazioa bermatzeko; eta, oposizio-lehiaketa prozesuan, gainera, oposizio faseak %60ko pisua izango du, eta meritu-lehiketa faseak %40koa besterik ez.

Aurreko guztia kontuan izanda, ELAk EAEko eta Nafarroako Hezkuntza Sailei euren eskumenak defendatzeko eskatzen die, Madrilen asmoa inposizioa baita, eta 2022rako behar adina irakasle plaza atera eta behin-behinekoak kontsolidatzeko prozesu bermatzaileak negoziatzea galdegin die.