Estatuko Eskola Kontseiluaren osoko bilkura dela eta ELAk gogor salatzen du Wert ministroaren jarrera antidemokratiko eta inposatzailea

2013/01/24
ELAk Espainiko Gobernuaren hezkuntza erreforma atzerakoi eta berzentralizatzailea eta Wert ministroaren jarrera antidemokratiko eta inposatzailea salatu asmoz ez du parte hartu gaur Estatuko Eskola Kontseiluak LOMCEren azken zirriborroaren inguruan burutu duen osoko bilkuran. Sindikatuak mobilizazioa eta Euskal Herrian hezkuntza erreformak eraginik izan ez dezan hezkuntza komunitate osoak eta euskal jendarteak lan egitea beste biderik ez du ikusten, eta bide horretan Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernuari eta alderdi politikoei hezkuntza erreforma honi aurre egin diezaiotela eta euskal eskoletan ezar ez dadin neurriak har ditzatela eskatzen die

Gaur, Madrilen, Estatuko Eskola kontseiluak osoko bilkura izan du LOMCE aurreproiektuaren azken zirriborroaren inguruan Espainiako Gobernuari bere iritzia emateko.
ELAk, aurreproiektuaren edukiak eta eramaten ari den prozedura salatu asmoz, ez du osoko bilkuran parte hartu.
Gogoratu beharrean gaude ELAk, beste hainbat erakunde eta eragileren moduan, Eskola Kontseiluaren urriaren 30eko aurreko bilkuran jada aurkeztu zuela hezkuntza erreforma aurreproiektuaren aurkako bere informea. Informe hau ordea, kritikoak ziren gainerako txostenekin batera, ez zen kontutan hartua izan eta Kontseiluak aurreproiektuaren aldeko informea onartu zuen apenas kritikarik gabe.
Behin informe aurkeztu ondoren, ordea, abenduaren 3an, Hezkuntza Ministerioak LOMCE aurreproiektu legearen azken zirriborroa aurkeztu zuen, aurreko zirriborroaren edukien gainean aldaketa oso garrantzitsuak ezarriz. Besteak beste, irakasgai-ardatz guztien edukiak Madrilen menpe geratzea planteatzen zen, euskarak espezialitateko irakasgai moduan bigarren mailako izaera hartzea proposatzen zuen, eskola mapa familien eskakizunaren baitan birmoldatzeko aukera zabaltzen zen, etab.
Hau honela, Estatuko Eskola Kontseiluak bere kideei aurreko saioan jada onarturiko LOMCE lege aurreproiektuaren aldeko informeari, azken aldaketa hauen inguruko informe osagarri bat besterik egiteko aukera ez digu utzi, oinarrizko informea bere horretan onartzera behartuz eta LOMCEren aurkako iritzi kritiko ugariak eta kontrako jarrera isil arazi asmoz.
ELAren iritziz, azken zirriborroan eginiko aldaketen garrantzia kontutan izanik, prozedura guztiz onarkaitza da, orain arte Wert ministroak izan duen jarrera antidemokratikoa eta inposatzailea agerian uzten duena. Horregatik, sindikatuak sasi eztabaida eta negoziazio itxurakeria honetan parte ez hartzeko erabakia hartu du. Gogoan izan behar dugu ministroak berak esana dela, hezkuntza erreforma hau akordio bidez edo akordiorik gabe onartua izango dela PP-k kongresuak duen erabateko gehiengoaz baliaturik. Berriki ere, eta Eskola Kontseiluak egin zezakeen informearen zain egon gabe, esana du lege aurreproiektua itxita dagoela eta bere horretan joango dela kongresura.
ELAk behin eta berriro salatu du LOMCE aurreproiektuaren prozedura antidemokratiko eta inposatzailea eta helburu eta eduki berzentralizatzaile, uniformatzaile, espanolizatzaile, atzerakoi, adoktrinatzaile, segregatzaile eta elitista.
Hau honela, bide bakarra ikusten du sindikatuak: mobilizazioa eta Euskal Herrian hezkuntza erreformak eraginik izan ez dezan hezkuntza komunitate osoak eta euskal jendarteak lan egitea.
Bide horretan, ELAk Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari eta alderdi politikoei eskatzen die hezkuntza erreforma honi aurre egin diezaiotela eta euskal eskoletan ezar ez dadin neurriak har ditzatela.

Irakurri ELAren balorazioa LOMCE aurreproyectuaren inguruan (2012ko abenduaren 3ko zirriborroa)