Euskara Legearen aldaketa ezinbesteko aurrerapausoa da, baina bere garapena ez da Gobernuaren esku utzi behar
ELA sindikatuak ezinbesteko aurrerapauso bat bezala ikusten du Euskara Legearen aldaketa, beti ere "eremu ez euskaldun"eko ikasleei sistema publikoan euskaraz ikasteko aukera irekitzen dielako. Azkenik, gehiengo politikoa gehiengo sozialaren zerbitzura jarri omen da, nahiz eta urte luzez itxaron behar izana. Mobilizazioak bere lehen fruitua emango du, antza.
PSNk, Geroa Baik eta I-Ek proposatutako aldaketa Nafarroako ikasle guztien eskubideen berdintasunaren aldeko pausoa da, zalantzarik gabe, eta ELAk Parlamentuan onartzeko eskatzen du. Hala ere, gero praktikara eramanda, UPNko Gobernuaren esku gera daiteke D ereduko lerro berriak irekitzeko gaitasuna, edo lege aldaketaren garatzeko dekretuak inposatzeko aukera, aldaketa hau desitxuratuz, orain arte gertatu den bezala. Adibidez, tokian tokiko eskaeraren zehaztapena Gobernuak modu antidemokratikoan erabiltzeko arriskua dago.
Gauzak horrela, ELAk eskatzen du D ereduko lerroak Nafarroa osoan abian jartzea, eskaera egotearen baldintza bakarraren pean, eta Gobernuari modu diskrezionalean jokatzeko aukerarik eman gabe. Zentzu honetan ELAk segituko du lanean, orain Parlamentuan dagoen legearen aldaketa honi oniritzia emanez, eta Nafarroako zonifikazioa gainditzeko ahaleginean, euskararen garapenerako ezinbestekoa delako.