Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren akordioak ez die aurre egiten LOMCEren oinarrizko erasoei

2014/09/29
Erreformak suposatzen duen atzerapauso pedagogikoa, ikuspegi merkantilista, eduki ideologikoa eta hezkuntza sistemaren gaineko ia erabateko kontrolak Espainiako Gobernuaren esku jarraituko lukete.

Gaurko goizean bertan komunikabide eta aldizkari ofizialen bidez jakin dugu Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua akordio batera iritsi direla LOMCE hezkuntza erreformaren hainbat puntu interpretatu eta EAEn aplikatzerako orduan.

ELArentzat onartezina da hezkuntza eragileek komunikabideen edo aldizkari ofizialen bidez izatea honelako akordioen berri.

Edukiei dagokionez ELAren ustetan ona da Eskola Kontseiluen arautze eta funtzionamenduaren inguruan gure herrian erabaki ahal izatea, baina hau arautuko duen dekretuaren zain geratzen gara benetako parteharte eta funtzionamendu demokratikoa bermatzen den ala ez baloratzeko.

Bestalde, gaztelania eta euskararen trataeraren inguruan, orain plazaratzen den akordioan 2014ko apirilaren 12an sinaturiko akordioa berretsi besterik ez da egiten. Orduan adierazi moduan, akordioak gure hezkuntza sistemak dituen beharretan ez du inolako aurrerapausorik suposatzen eta lorpen moduan saldu nahi digu gure hezkuntza sistemaren garapenarentzat muga larria dena.

Euskal hezkuntza eta euskalgintzako eragileen artean adostasun nagusia dago hizkuntza ereduek (A, B, D, zer esanik ez British edo PAI) ez dutela ikasleen euskalduntzea lortzen eta pauso berriak emateko premia dagoela. Horretarako murgiltze edo euskara ardatz duten hezkuntza ereduak ezinbestekoak direlarik.

Hezkuntza erreformak gaztelania ez diren estatuko gainerako hizkuntzen garapena oztopatzea du helburu, horretarako, hain zuzen ere, Katalunia edo Balear Irletan aplikatzen duten eta Euskal Herrian hain beharrezkoak ditugun murgiltze ereduak debekatzen ditu.

Beraz larria da Eusko Jaurlaritzak benetako euskalduntze eta eleaniztasunean muga suposatzen duen legea eta lorturiko akordioa lorpen moduan azaltzea.

Honekin batera Eusko Jaurlaritza LOMCEri aurre egiteko, nagusiki, abiatua duen bide juridikoan berresten da.

ELAren ustez Auzitegi Konstituzionalak antzeko gaietan orain arte izan duen jarrera eta eman dituen epaiak kontutan izanik eta osaketa zein den aintzakotzat hartuz, alferrikakoa eta maila batean kaltegarria ere gerta liteke jaurlaritzak hartu duen bidea. Gogoratu beharrean gaude EAJ berak ere bere momentuan uko egin ziola horrelako gaietan Auzitegi Konstituzionalera joateari estatuaren kontrolpeko tribunal politiko zeritzolako eta epai guztiak estatuaren interesen baitan ematen zituelako.

Gaur ezagutu den akordioaren harira eta Eusko Jaurlaritzak orain arte mantendu duen jarrera kontutan hartuta, ELArentzat bereziki kezkagarri gertatzen da Urkulluren gobernuak oraindik LOMCEa ez aplikatzeko konpromiso argirik adierazi ez izana. Behin eta berriro bide juridiko eta legala erabiliko duela adierazi du, baina inola ere ez du bermatzen aplikatuko ez denik. Are jarrera larriagoa kontutan izanik hezkuntza erreforma jada abian dela, Auzitegi Konstituzionalaren epaia hainbat urteren buruan plazara daitekeela eta ordurako LOMCEaren eduki eta kontrol mekanismo guztiak inposatuak izango genituzkeela.

Hau honela, ELAk jaurlaritzari eskatzen dio hezkuntza komunitateak azken urte eta hilabete luzeetan agertu duen hezkuntza erreformaren aurkakotasunari eta gure herrian ez inposatzeko eskaerari kasu egitea eta aurre egin eta ez aplikatzeko estrategia eta bitarteko eraginkorrak abian jartzeko.

Bide honetan, hain zuzen ere, dei egiten deigu hezkuntzako langileei, ikasleei, familiei eta jendarte osoari datorren urriaren 11an Donostia, Iruñea, Gasteiz eta Bilbon “LOMCEri aurre egin eta gure hezkuntza sistema eraikitze bidean pausoak emateko” deituta dauden manifestazio-kalejiretan parte hartzera.