Eusko Jaurlaritza Koronabirusaren krisiaz baliatzen ari da Hezkuntzan murrizketak egiteko

2020/03/30
Koronabirusak eragindako salbuespenezko egoera honen erdian, Eusko Jaurlaritzak hainbat murrizketa gauza ditu: besteak beste, bertan behera utzi ditu Hezkuntzako ordezkapen asko, irakasleak etxetik lanean jarraitzen badute ere. ELAk gogorarazi duenez, irakasleek lanean jarraitzen dute, etxetik, baina lanean egunero, beraz, Jaurlaritzaren ardura da hezkuntzaren kalitateari eustea, murrizketak egin ordez. Ildo beretik, zenbait eskola irekita mantentzea onartu du. Hori dela eta, irakasle askok euren burua behartuta ikusi dute zentrora joatera koordinazio lanak egitera, horrek kutsatzeko edo birusa zabaltzeko arriskua handituko lukeela jakinda ere. ELAk Jaurlaritzari exijitu dio orain arte hartutako erabaki okerrak bertan behera uztea eta jarri ditzala, behingoz, pertsonak eta bizitzak zentroan.

Eusko Jaurlaritza "Hezkuntzako langile guztiei eragiten dieten erabaki onartezinak" hartzen ari dela salatu du ELAk. Lehenik eta behin, Hezkuntza Sailak Ordezkagunea ordezkapen plataforma blokeatu duela salatu du sindikatuak, eta ordezkapenak lehen egunetik egiteko betebeharrarekin hautsi duela. Hori guztia, ELAk azpimarratu duenez, irakasleek telelanaren bidez, hau da, etxetik, eguneroko lana egiten jarraitzen duten bitartean. Izan ere, sindikatuak gogorarazi duenez, irakasleen lana ez da inolaz ere eten, klaseak bertan behera geratu direlako baina irakasleak etxetik ari direlako egunero lanean. Hortaz, lehen egunetik ordezkapenak egiteari uztea murrizketa argia dela baieztatu du.

Gauza bera gertatzen ari da Haurreskolak Partzuergoan. Honen aurrean, ELAk  Jaurlaritzari eskatzen dio martxan jar dezala, edo gutxienez beste mekanismo batzuen bidez berma dezala, ordezkapenak lehen egunetik egiten direla eta ordezkapenen araudia errespeta dadila.

Bigarrenik, ELAk ziurtatu du zenbat kasutan ordezko langileen kontratua luzatzeko premia dagoenean, kontratu horiek bertan behera utzi dituela Jaurlaritzak. "Oso larria iruditzen zaigu. Ordezkogaien araudia urratzen ari da lanpostuak amortizatzeko. Erabaki horiek erabat onartezinak iruditzen zaizkigu, besteak beste, Jaurlaritzaren menpeko langile ahulenei are kalte handiagoa egiten dietelako eta, gainera, hezkuntzaren kalitatean eragin zuzena dutelako ", adierazi dute.

Hirugarrenik, Sukaldaritzako eta Garbiketako ordezko langile askori lan kontratua eten diete. Hainbat ikastarotarako liberatuta zeuden langileen kasuan, beren kontratuak eten zaizkie, eta, ondorioz, beren lanpostuetara itzultzeko agindu zaie. Horren ondorioz, haien lanpostuak betetzen zituzten ordezkapen kontratuak eteteko eskatu da. "Hau da, Gobernuak erabaki du langile prekarioenak langabeziara kondenatzea eta behin-behineko langile horien egoera are jasanezinagoa egitea", salatu du ELAk.

Gainerako hezkuntza-langileei dagokienez, ikastaroak Irale bidez ematen diren kasuetan, on-line ikastaroei eutsi ahal izan zaie, eta, beraz, baita ordezko langile guztien kontratuei ere. Hori horrela izanik, ELAk uste du ezinbestekoa dela Hezkuntza Sailak Sukaldaritza eta Garbiketako ordezko langileentzat ere irtenbide bat planteatzea.

Azkenik, irakasle askok jasan behar izan duten zaurgarritasun-egoera salatu du. Izan ere, Hezkuntza Sailak EAEko ikastetxe guztietan aurrez aurreko eskolak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen arren, batzuk irekita mantendu dira, eta, ondorioz, irakasle askok euren lanpostuetara joateko deia jaso dute, kutsatzeko edo birusa zabaltzeko arriskuan. ELAk gogoratzen duen bezala, gomendioa irakasleek telelanaren bidez lan egitea bazen ere, ikastetxe bakoitzari lana eta funtzionamendua antolatzeko autonomia utzi zitzaion, eta, beraz, zenbait kasutan, irakasle batzuek ikastetxeetara joan behar izan dute koordinazio-lanak egitera.

Egoera hori bera pairatzen dute lanean ari diren Hezkuntzako garbitzaileek, gaur arte behintzat. Garbiketaz arduratzen diren pertsonei beren lanpostura deitu diete, eta, ondorioz, kutsatzeko arriskuan daude.

"Egoera honetan garbiketa bezalako zerbitzuak ezinbestekoak dira, baina, aldi berean, uste dugu ikastetxeak irekita mantentzeak ez diola benetako behar bati erantzuten, kasu askotan posible izan baita irakasleak telelanaren bidez koordinatzea, eta hala izan ez bada, ulertzen dugu hori dela Jaurlaritzak bermatu behar duena".

Horrekin guztiarekin, ELAk uste du Jaurlaritzaren lana dela, besteak beste, salbuespenezko egoera honen aurrean langileen bizi-baldintzei eta eskubideei kalte gutxien egiten dieten neurriak hartzea. Horregatik, ikastetxe guztiak itxita egotea eskatzen dute, ahalik eta langile gehienen osasuna eta segurtasuna bermatuz; hartutako erabaki kaltegarriak zuzentzea; eta, behingoz, bizitza eta pertsonak zentroan jartzea.