HEZKUNTZAKO SUKALDE ETA GARBIKUNTZA

Eusko Jaurlaritza zigortu dute ordezkapenen araudia ez betetzeagatik

2023/03/07
ELAk jarritako demanda bati esker, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 4.000 euro baino gehiago ordaindu beharko dizkio Hezkuntzako sukaldeetako eta garbikuntzako langile bati; izan ere, bajan zen langile baten ordezkapena egiteko aukera galdu zuen, Jaurlaritzak ez zuelako errespetatu ordezkapenen zerrendako ordena. Izan ere, ordezkapen zerrendetako araudiaren arabera, ELAko afiliatuari gertatu berri zen baja bat betetzea zegokion, baina Hezkuntza Sailak jauzi egin zuen eta zerrendan bere azpitik zegoenari eskaini zion lanpostu hori. Horrek 4.000 euroko galera eragin zion -lanik egin ez zuen egun guztiengatik- eta, ondorioz, puntuak galdu zituen kontratazio zerrendetan. Konpentsazio ekonomikoaz gain, galdutako egunak birbarematu beharko ditu. Epaiaren epaitza errekurritu ahal izango da.

“Eusko Jaurlaritzak ez ditu kontratazioak behar bezala egiten, eta epaiak argi utzi du hori”, sindikatuak azpimarratu duenez. ELAk urte asko daramatza Hezkuntza Sailak sukaldeen eta garbikuntzaren sektorean duen kontratazio politika salatzen. “Langileak ez dira beti ordezkatzen, eta egiten denean, ez da inoiz lehen egunetik izaten”, deitoratu du. Sindikatuak gogorarazi du horixe izan zela, LEP baten beharrarekin batera, sektorean 2022an egindako hamar greba egunen arrazoi nagusietako bat.

ELAk kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiteko eskatu dio Hezkuntza Sailari. Zentzu horretan, neurriak hartu ditzan eskatu dio, enplegua egonkortzeko eta sektore osoko lan baldintzak hobetzeko.