Eusko Jaurlaritzak 3.600 lanpostutik gora “aurreztu” ditu gelako ikasle kopurua %10etik gora handituz

2016/05/17
2009tik krisiaren aitzakiatan garaturiko murrizketa politikak gogor kolpatu dute hezkuntza sistema. Xabier Irastortza eta Alain Garcia, irakaskuntza alorreko arduradunek salatu dute krisiaren aitzakiatan Eusko Jaurlaritza murrizketa gogorrak ezartzen ari dela azken urte hauetako aurrekontuetan.

Eusko Jaurlaritzak hezkuntzara bideratzen duen inbertsio publikoa 28ko Europar Batasuneko txikienetarikoa da. 28-EBko bataz-besteko inbertsioa publikoa hezkuntzan Barne Produktu Gordinaren %5ekoa den bitartean EAErena %3,7 besterik ez da (2013ko datu konparatuak). Diferentzial honen baitan, Eusko Jaurlaritzak Europako bataz-bestekoak baina 842 milioi euro gutxiago inbertitzen ditu hezkuntzan.

Hau gutxi balitz, azken urteetan hezkuntzara bideratzen den inbertsio publikoak nabarmen egin du behera. 2016ko aurrekontuetan 2009an baino 221,7 milioi euro gutxiago bideratzen dira hezkuntzara zenbaki absolutuetan, baina gure aberastasunaren proportzioan 0,7 puntu egin du bera. Hau da, hezkuntza inbertsio publikoa BPGren %4,3tik 2009an, BPGren %3,6ra pasa da 2016an, proportzioan 2009an baina 450 milioi euro gutxiago bideratzen ditu gobernuak hezkuntzara.

Hezkuntzara, osasungintza edota laguntza sozialetara bideratu ez den diru hau, azken urteetan etengabe hazi den zor publikoa ordaintzera bideratu da (2009an 83, 6 milioi eurotik 1.070,1 milioi eurotara pasa da 2016an).

Murrizketa hauek isla zuzena izan dute gelako ikasle kopuruen hazkundean eta gobernuak matrikula nabarmen handitu arren sortu ez dituen edo “aurreztu” dituen lanpostuetan. Hau da, 2008/09 eta 2015/16 ikasturteen artean matrikulazioak 40.025 ikasletan gora egin duen arren (26.062 hezkuntza publikoan eta 13.963 itunpeko hezkuntzan), ikasle-taldeak edo gelak apenas gehitu dira 200ean. Hau da, gelako ikasle gehiago sartuz ikasle-talde edo gela gutxiago sortu ditu lanpostuak aurreztuz.

Honen ondorioz, sare eta etapa guztietan gora egin dute gelako ikasle ratioek. Epe honetan, gelako bataz-besteko ikasle ratioak 17,44tik 19,62ra para dira hezkuntza publikoan eta 20,73tik 22,78ra itunpeko hezkuntzan. Igoera honen baitan, azken zazpi ikasturteetan gutxienez 2.188 gela eta lanpostu galdu dira hezkuntza publikoan eta 1.439tik gora itunpeko hezkuntzan. Hau da, guztira 3.600 lanpostutik gora aurreztu ditu jaurlaritzak gelako ikasle kopurua %10etik gora igoz.

Murrizketa hauek, gainerako murrizketa eta prekarietate egoerei gehituta (ordezkapenak astebete atzeratzea, bajak zigortzea, erretiroa atzeratu eta zailtzea, baliabideak eta prestakuntza murriztea, behin-behinekotasun maila onartezinak...) lan kargak izugarri handitu dituzte eta ikasleen arteko berdintasuna, heziketa integrala eta garapen pertsonal eta soziala arriskuan jartzen dituzte. Hau guztia, hezkuntzako langileen ahalegin gehigarriaren baitan utziz eta hezkuntza sistemaren oraina eta etorkizuna arriskuan utziz. Hezkuntza sistemaren azken ebaluazioek nabarmen utzi dute agerian murrizketa politika hauen ondorioak ikasleen heziketa garapenean.

ELAk Eusko Jaurlaritzari murrizketa politika hauek behin-betikoz alde batera uztea eskatzen dio. Gure herriak bere garapen mailaren baitako hezkuntza inbertsio publikoa behar du. Hezkuntzak oro har eta hezkuntza publikoak modu berezian inbertsio eta baliabide gehiago behar ditu benetako berdintasuna, heziketa integrala eta ikasleen garapen pertsonal eta soziala modu egokian bermatu ahal izateko. Gobernua azken urteetan egiten ari den bidearen guztiz kontrako norantzan gelako ikasle kopuruak jaitsi behar dira, hezkuntzako lanpostuak nabarmen gehitu eta egonkortu, erretiroa erraztu eta plantilak gaztetu, ordezkapenak lehen egunetik egin, ikastetxe eta langileen baliabideak biderkatu eta prestakuntza hobetu eta zabaldu.