Eusko Jaurlaritzak Bermeoko San Frantsizko LHIko sukaldearen parte bat itxi eta catering bidez pribatizatzeko asmoa duela salatzen du ELAk

2011/05/20
ELAk salatzen du Bermeoko San Frantzisko Lehen Hezkuntzako Ikastetxea egokitzeko lanak aitzakiatzat hartuz Eusko Jaurlaritzak bertako sukaldearen zati bat ixteko asmoa duela eta bere ordez catering zerbitzu batek kanpoan prestaturiko janaria berotzeko “office” bat besterik ez duela jarri nahi

2009an Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzako eraikineko egokitze lanetako planoak onartu zituen, bertan tokiko sukaldea egitea aurrikusten zelarik. Honela zentroan bazkaltzera geratzen ziren haurrentzat janaria bertan prestatzeko aukera bermatzen zen. Orain ordea, bere murrizketa politikari jarraituz, jaurlaritzak atzera bota du erabaki hau eta bertan catering sistema ezartzea erabaki du ikas-komunitate osoaren eskakizunak aintzat hartu gabe.

ELAk denbora luze darama zerbitzuaren kalitatea kaltetzen, enplegu publikoa suntsitzen eta lan hauek egin behar dituzten pertsonen lan-baldintzak nabarmen okertzen dituen jarduera hauek salatzen, berriro ere funtsezkoa den zerbitzu publiko bat irabazi asmoa duten azpikontrataturiko enpresen menpe uztearen ondorioz.

Beste behin gogorarazi beharrean gaude eskola jantokia eta bazkal ordua jakiak geureganatze soiletik askoz haratago doala, gizakion elikatze prozesu kulturalean txertatuz eta haur eta gazteen heziketaren parte garrantzitsu bilakatuz. Eta bertan funtsezkoak dira jakien kalitate ona, menuen egokitasuna, plateren prestaketa prozesu osoa, jantokiko giro ona eta langile, hezitzaile eta ikasleen arteko harremanak. Hau honela, eskola jantokiak eta bertan lan egiten duten langileak ezin dira irizpide ekonomizisten eta irabazi asmoen menpe egon eta ikasleei eta bere familiei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko eta beraien heziketan positiboki parte hartzeko bitarteko eta baldintzak izan behar dituzte.

Honegatik guztiagatik, ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio Bermeoko San Frantzisko LHIko bertako sukaldearen zati bat kentzeko bere asmoan atzera egin dezala eta eraikin berrian izan dezala lekua bertako sukaldeak kalitatezko zerbitzu publiko bat emateko behar adinako langile eta bitartekoez horniturik.