HEZIKETA BEREZIA

Eusko Jaurlaritzak egin nahi dituen murrizketak salatzeko kontzentrazioa

2023/05/18
Donostiako Hezkuntza Delegaritzaren atarian elkarretaratzea egin du ELAk datorren ikasturtean Hezkuntza Berezian Jaurlaritzak ezarri nahi dituen murrizketak salatzeko. Lanpostu batzuetako lan jardunak murriztu nahi ditu Hezkuntza Sailak, datorren ikasturteko esleipenak kaosa izaten ari dira, eta ekoizpenaren araberako kontratuekin arazoak daude.

Alde batetik, datorren ikasturterako lan jardun batzuk murriztu nahi dituzte. Beharren dokumentazioa aztertuta eta Hezkuntza Saila datuak ezkutatzen saiatu, ondorioztatu daiteke Bizkaian eta Gipuzkoan lan jardun oso izandako lanpostu batzuk partzial bihurtu nahi dituztela. Zehazki, Gipuzkoan 16 bat plaza oso gutxiago daude.

Gainera, plaza horien esleipen prozesua inprobisazio eta kaos hutsa izaten ari da. Bakanteen esleipena atzo, maiatzaren 17an, egitekoak ziren, baina azken momentuan bertan behera utzi zuen prozesua Jaurlaritzak. Badirudi plazak berrikusi nahi dituela Hezkuntza Saialak. Ez da, ordea, gertakari isolatu bat, Heziketa Bereziko lan baldintzen okertze antolatu baten ondorio baizik.

Beste alde batetik, ekoizpenaren araberako kontratuen afera dago. Legeak dio kontratuek gehienez sei hilabete iraungo dutela. Bada, epemuga horietara iristen ari diren lekuetan Hezkuntza Berezikoak ez diren irakasleak kontratatu dituzte, ikasle eta langileon kalterako. Gainera, datozen asteetan kontratu asko amaituko dira; egoera are gehiago okertuko du horrek.

ELAk Hezkuntza Sailari helarazi dio ekoizpen kontratuen arazoa konpontzeko alternatiba bat: kontratu horiek 12 hilabetera luzatzeko aukera onartuko du, baldin eta prekaritatea eta behin-behinekotasuna ez handitzeko neurriak onartzen badira. Hots, gutxieneko lanaldia kontratu horietan %50koa bada, sektoreko plaza osoen %3 baino gehiago ez badira eta bi ikasturtez jarraian lanpostu horretan kontratua errepikatuz gero, EPE batera aterako badu Jaurlaritzak.

ELAk argi du: Hezkuntza Sailaren azken erabaki eta neurriek Heziketa Berezian murrizketak egitea dute helburu. ELA ez du hori onartuko, eta mobilizazioen alde egin du.