JM IKASTETXEA (BILBO)

Eusko Jaurlaritzak eta Bidaide fundazioak 60 lagun kale gorrian utzi nahi dituzte

2025/05/21
Langileek Lan Harremanen Kontseiluan bilera batera deitu zituzten Eusko Jaurlaritza eta Patronatua maiatzaren 20rako. Bi erakunde horietako arduradunak ez ziren agertu ere egin. Soilik JM ikastetxeko zuzendaria agertu zen eta langileei ez zien inolako argitasunik eman.

JM Bilboko ikastetxeko langileak greba mugagabean daude martxoaren 18tik. Hasieran bi ikastetxeren (Jesuitinak eta JM bera) arteko fusio gisa azaldu zitzaiena, azkenean JM ikastetxearen itxiera eta bertan lan egiten duten 60 langileren kaleratzean amaitu daiteke.

Urtarriletik bertoko langileek hamaika aldiz eskatu diote Eusko Jaurlaritzari zein ikastetxearen ardura daukan patronatuari beraien asmoen berri emateko zein kaleratzeak ekiditeko neurriak adostu eta langileei irtenbide egoki bat emateko elkarrizketei hasiera emateko.

Ez dute inolako erantzunik jaso. Eusko Jaurlaritzak ez die erantzun ere egin eta patronatuak ez die eskatutako dokumentaziorik eta informaziorik helarazi. Pasa den astean fusioa bertan behera utzi zuen Jesuitinak ikastetxeak alde bakarrez JM ikastetxeko langileen ziurgabetasun egoera areagotuz.

Azken egunotan Eusko Jaurlaritzak JM ikastetxean matrikulatuta dauden ikasleei matrikulazio garaitik kanpo beste ikastetxe batzuetara joateko aukera ireki du. Asmoa JM ikastetxeko langileen greba eskubidea urratzea eta langile hauek erabat desmoralizatzea izan da. ELAk Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu nahi du, 60 lagun kale gorrian utziko dituelako inolako irtenbiderik eman gabe.

Langileek ehunka sinadura bildu dituzte azken egun hauetan. Beraien egoera ezagututa, irtenbide baten eskaerari babesa eman diote ehunka hiritarrek. Sinadura hauek Eusko jaurlaritzari entregatuko dizkiote hurrengo egunotan. Langileek Eusko Jaurlaritzari eta Patronatuari langileentzat irtenbide bat exijitzen diote.