Eusko Jaurlaritzak ez du sukaldeko eta garbiketako akordioa bete
Gabonetako oporretatik bueltan, EAEko hezkuntzako sukaldeetako eta garbiketako langileek jakin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erabaki duela ez duela beteko 2025ean lortutako akordioaren edukiaren parte bat. Hainbat greba egunen ostean heldu zen akordioa, baina Hezkuntzak ez du bere osotasunean bete nahi. Egoera konpontzen ez bada, ELAk ez du baztertzen sektorean grebak berriro aktibatzea.
ELAren ustez, abenduan egindako negoziazio mahaietan sailak izandako jarrera ikusita atzeman zitekeen zer egingo zuen Jaurlaritzak; halere, gogorarazi du horrek larriki urratzen dituela negoziazio kolektiboaren oinarrizko printzipioak.
Sindikatuak gogorarazi du Lakuak hainbat puntu urratu dituela ikasturte hasieratik, hala nola kontratazio berriak ratioen kalkulua hobetu ondoren. Gauzak horrela, ELAk neurri juridikoak eta sindikalak hartu ditu jarrera hori salatzeko.
Eusko Jaurlaritzaren erantzuna izan da lortu zen akordioa edukirik gabe uztea eta, kasu honetan, ukatzea horretarako eskubidea zuten eta onartzeke zeuden langileen lanaldi murrizketak metatzeko eskaerak.