Eusko Jaurlaritzak ez du ziurtatzen LOMCEa ezarriko ez duenik

2013/12/19
Sailburuak beste behin ere espainiar estatuarekin konfrontazio demokratikoa baztertu eta LOMCE moduko lege organiko bati lege-bidetik, Heziberri 2020 planarekin eta dekretuez baliatuz aurre egingo diola sinestarazi nahi du.

Gaur Hezkuntza Sailak lehen aldiz hezkuntza eragile guztiak bilera bakarrera deitu ditu LOMCEaren inguruko azken informazioa eman eta Heziberri 2020 planaren ibilbidearen berri emateko.
ELArentzat oso kezkagarriak dira gai hauen inguruan Eusko Jaurlaritza izaten ari den jarrera eta ematen ari den pausoak.
Bileran ELAk sailburuari gogora arazi dio azken hilabete luzetan Hego Euskal Herrian LOMCErekiko aurkakotasuna nabarmen adierazi dela gure ikastetxe eta kaleetan eta Eusko Jaurlaritzari ozen esan zaiola hezkuntza erreforma inola ere ez dezala ezarri gure ikastetxeetan.
Hau honela, azken hilabeteetan Hezkuntza Sailak Werten erreformari aurre egin eta EAEn ez aplikatzeko moduak jada martxan jartzen ari dela sinestarazi nahi dio hezkuntza komunitateari eta jendarteari. Bide honetan, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du jaurlaritzak eta Heziberri 2020 plana abian jarri du.
Hezkuntza erreformaren  eduki guztiz atzerakoi eta zentralizatzailez harago, kontutan izanik Espainiako Gobernuak LOMCE lege organiko moduan onartu duela, autonomi erkidegoen eskuduntzen eta gainerako legeen gainetik bere aplikazioa lege bidez behartzeko, ELArentzat onartezina gertatzen Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Lege baten bidez, curriculum propio bat idatziz edota dekretu bidez lege organiko hau indarrik gabe utzi eta EAEn ez dela aplikatuko sinestarazi nahi izatea.
EAErako Hezkuntza Lege baten behar eta egokitasuna eta curriculum propioaren premiaren inguruko eztabaida alde batera utzita, ELAren ustez, gai honetan eta beste hainbatetan, murrizketak inposatu eta babes soziala deuseztatu nahi dituzten oinarrizko legeen kasu, Estatuaren jarrera inposatzailea, neozentralista eta neoliberala ikusirik, konfrontazio demokratikoa beste biderik ez dago. Espainiako gobernuak, botere judizialaren konplizitarekin, gure babes-sozialerako eta autogobernurako tresnak desegitea helburu duten politika eta lege injustuak inposatzen dizkigun heinean eta inposaketa hauek bidezko ez direla uste dugun bitartean, konfrontazio politiko demokratikoa beste biderik ez digu uzten.
ELAren ustez Eusko Jaurlaritzaren ekimen hauen atzean LOMCEri aurre egiten ari direnaren itxura eman nahi izatea, baina tamaina honetako erasoei erantzuteko inolako tresna eta bide eraginkorrik abian ez jartzea dago. Modu berean, eztabaida hauekin Hezkuntza Sailak azken urteetan inposatzen ari diren murrizketak eta hezkuntzan egiten duen inbertsioa eznahikoa estali nahi ditu eta hezkuntzako negoziazio mahai guztietan inposatu nahi dituen murrizketak eta honek sortzen dituen blokeo egoerak.
Horregatik, ELAk hezkuntzako hainbat eragilerekin LOMCEri modu eraginkorrean aurre egiteko estrategiak eta tresna lantzeko eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema landu eta eraikitzeko konpromisoa berresten du eta lan horretan arituko da buru-belarri. Eusko Jaurlaritzak bide hori hartzen badu ELAren babesa izango du, baina hezkuntza komunitateari eta euskal jendarteari iruzur egiten saiatzen bada aurrean izango gaitu.