JM IKASTETXEA (BILBO)

Eusko Jaurlaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri zituela ebatzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak

2025/09/30
Eusko Jaurlaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri zituela ebatzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ELAri. Sindikatuak aurkeztutako demanda partzialki ontzat eman, eta ebatzi du Bilboko JM ikastetxeko (Enekuri-Artxanda) pasa den ikasturteko grebako zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan zirela. Ikastetxeko 69 langileak enplegu erregulazio espedientea noiz ebatziko zain dira.

Epaileak dio Jaurlaritzak bigarren agindu batekin handitutako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan zirela DBH 1, DBH 2, DBH 3, DBH 4 eta Batxilergoko lehen mailan. Batxilergoko bigarren mailako gutxieneko zerbitzuak handitzea zilegitzat jotzen du USaU-PAU unibertsitatera sartzeko proba argudiatuta, baina epaileak zehaztu du argudio hori ezin dela gainerako mailetara zabaldu.

Gogora dezagun greba mugagabea martxoan hasi zutela langileek, zuzendaritzak jakinarazi zuenean Bilboko Jesuitinak ikastetxearekin fusioa egingo zuela eta gutxienez 44 langile kaleratu. Jaurlaritzari dozena bat aldiz eskatu zioten bilera langileen ordezkariek, erantzunik jaso gabe. Gaur-gaurkoz fusioa bertan behera geratu da, eta ikastetxearen kudeaketa eskasa eta familiengan sortutako mesfidantza medio, ikastetxea itxi eta 69 langileak uztailean hasitako kaleratze kolektiboa ebazteko zain daude. Zeharkako beste 20 langile kaleratu dituzte, jantoki eta garbiketako langile azpikontratatuak.

Bada, greba hasi zenean Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri zitun. Ondoren, agindu baten bidez hasierakoak hirukoiztu zituen Bigarren Hezkuntzako etapa guztietan eta Batxilergoan. Horrek suposatu zuen langileen greba eskubidea ezerezean uztea. ELAk bigarren agindu hori salatu zuen, eta epaitegiek arrazoia eman diote.

ELArentzat larria da itundutako ikastetxeetan kaleratutako langileekin Jaurlaritzak erakutsitako jarrera. Langileentzako beste kokapen bat edota subrogazioa bezalako irtenbideak bultzatu beharrean, inolako babes gabe uzten ditu. Areago, euren lanpostuak defendatzeko duten tresna bakarra, alegia, greba erabiltzen duenean, Jaurlaritzak eskubide horren aurka egiten du gehiegizko neurriekin. JM ikastetxearen kasuan, gainera, ikasleak beste eskoletara eramateko aukera zabaldu zuen Lakuak, matrikulazio garaitik kanpo eta ikasturtea amaitu aurretik, eta nahiz eta hezkuntza eskubidea bermatuta izan.

Bost urteotan, zortzi itundutako ikastetxe itxi dituzte EAEn, eta 250 langile baino gehiago kaleratu. Jaurlaritzak JM ikastetxean izandako jarrera izan du horietan ere. ELAk uste du ikasleak nola langileak ere kontuan hartu behar dituela Jaurlaritzak, eta denoi irtenbide egokia eman. Are gehiago jakinda maiz ikastetxe horiek kokatutako eraikinak negozioa egiteko erabili nahi direla, hiriguneen erdigunean daudelako askotan. Halako egoera saihesteko neurriak eta ardura hartu behar du Jaurlaritzak.