Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 planaren lanketan berriro ere bizkar eman die langileen ordezkariei

2014/01/17
ELArentzat oso larria da kritikak isil arazi asmoz hain garrantzitsuak diren egitasmoetan langileen ordezkariak kontutan ez hartzea edo bigarren mailako parte-hartzea ematea.

 

Beste behin ere komunikabideen bidez jakin du ELAk Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila hainbat hezkuntza eragilerekin bildu dela Heziberri 2020 egitasmoaren baitan Hezkuntza ereduaren eta pedagogia markoaren inguruan hitz egiteko, berriro ere sindikatuak alde batera utzita.

ELArentzat guztiz onartezina da gure jendartea eta hezkuntza sistema egituratu eta arautzeko hain garrantzitsuak diren proiektuetan langileen ordezkariak kontutan ez hartzea edota bigarren mailako parte-hartzea ematea eta lantzen ari diren egitasmoen berri komunikabideen bidez izatea honetan jakitea.

ELA beldur da sindikatuak alde batera utzi nahi izate honekin Eusko Jaurlaritzak LOMCEri eta EAEn ditugun hezkuntza beharrei moduren batean aurre egiten ari dionaren itxura eman nahi izatea, sindikatuok behin eta berriro plazaratu ditugun eskaera eta aldarrikapenak lausotuz.

Hau honela, hain egitasmo garrantzitsuen aurrean ELAk Eusko Jaurlaritzari bere egitasmoen inguruko informazioa, gardentasuna eta benetako parte hartze demokratikoa eta adostasun zabalak eskatzen dizkio.