Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan murrizketak izango direla berresten du baina ez du argitzen nola egingo dituen
Gaur, Gasteizen, Cristina Uriarte buru zela Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila ELArekin bildu da. Aurkezpen bilera bezala planteaturik bazegoen ere, ELAk bere eskakizunak luzatu dizkio hezkuntza sailburuari. Besteak beste, honako hauek:
-
Zerga politika erabat aldatu beharra, zerbitzu publikoetan inbertsio nahikoa egin ahal izateko eta Europako herrialderik garatuenen hezkuntza mailara gerturatuko gaituen politikak jar ditzala abian.
-
Azken urteetako murrizketa politikarekin bukatu beharra, bai lan-postu suntsiketari dagokiona, bai soldata eta lan-baldintzei dagokiona, baita hezkuntza baliabide eta kalitateari dagozkionak (ordezkapenak, behar berezietakoak, zentroetako baliabideak, baja eta erretiro osagarriak...)
-
Kenduriko eroste ahalmenaren berreskuratzea.
-
Hezkuntzaren kalitatea mantendu nahi bada, atzera egin beharra orain arte egindako murrizketetan eta konpromiso sendo bat murrizketa berriak ez egiteko hezkuntzako esparru guztietan.
-
Lan jarduna, irakastordu, ratioen mantentzea eta enpleguaren egonkortasuna bermatzea.
-
Madrilen inposiziorik ez aplikatzea Euskal Herrian. Hezkuntza zentralizatu, espainolizatu eta merkatu neoliberalen zerbitzura jarri nahi duen erreforma adoktrinatzaile eta atzerakoiari aurre egin eta Euskal Herrian ez aplikatzeko bide eta estrategia eraginkorrak bidera ditzala.
-
Hitzarmen ezberdinen abiatzea oinarrizko edukietan aurrerapausoak eman ahal izateko eta joko-arau demokratikoak errespetatuz (gutxiengoan sinadurarik onartu gabe).
-
Negoziazio Kolektiboa erreformatik babesteko klausulak hezkuntzako lan-legepeko langileentzat.
Honen aurrean, Hezkuntza Sailburuak iragarri du, “ez badituzte behartzen”, ikasle/gela ratioak, jardunaldi eta irakastordu berdinekin egingo dutela datorren urteko planifikazioa, laster irekiko dituztela sektore desberdinetako negoziazio mahaiak eta plantilla mantendu nahi dutela.
Planteamendu honen aurrean, ELAk bere kezka agertu du, izan ere, Hezkuntza Sailburuak inola ere ez baitu bermatu azken urteetan ezartzen ari zaizkigun murrizketa politikak errotik aldatuko dituenik, ezta epaitegiek Madrili arrazoia ematen badie jarduna, irakastordu, ratio eta ordezkapenetan murrizketak ezarriko ez dituenik.
Eusko Jaurlaritzak iragarria du 1.250 milioi euroko murrizketa bere aurrekontuetan eta, azken egunetan gobernuko ordezkariek adierazi duten moduan, hori egitea ezinezkoa da hezkuntza, osasun arloa eta gizarte babesa murriztu gabe. Azken astean hezkuntza aurrekontuan %7ko murrizketa izango dela aurreratu du jaurlaritzak, 185 milioi euro alegia, eta gaurko bileran sailburuak ez du ukatu murrizketa hori egiteko asmorik dutenik. Nola egin daiteke 185 milioiko aurrekontu murrizketa, plantillak, soldatak eta hezkuntza kalitatea murriztu gabe?
ELArentzat guztiz onartezina da sufritzen ari garen egoera larri honetan, gure oraina eta etorkizuna babestu eta krisitik hobe irten ahal izateko hezkuntza inbertsioak egin beharrean, aurrez egindakoak sendotu eta gehiago inposatzeko erabakia. Are larriagoa fiskalitatean aldaketak egitea bezalako alternatibak badaudenean, baina abian jartzeko borondate politikorik ez dagoenean.
Gogoratu beharrean gaude azken hamarkadetako datuen baitan, Eusko Jaurlaritzak, herrialde garatuenen bataz-bestekoa baina bere aurrekontuaren portzentajearen 1,5 puntu gutxiago bideratzen dituela hezkuntzara, hau da, proportzioan 1.000 milioi euro inguru gutxiago, Europako herrialde garatuenengandik oso urrun. Eta abiapuntua hau izanik, azken hiru urtetan ia 300 milioi euroko murrizketa jasan du hezkuntza aurrekontuak. Hau guztia, 13.000 ikasle gehiago eskolaratu direnean.
Murrizketa politika hauen ondorioz, behar berri hauei guztiei egoki aurre egiteko beharko liratekeen milaka profesional kontratatzera eta baliabideak gehitzera eraman beharrean, ehundaka langile gutxiagorekin funtzionatzera behartu gaituzte, ordezkapenik ez egitera edo hauek atzeratzera, lanpostuak galtzera, prestakuntzan murrizketa izatera, baliabide gutxiagorekin funtzionatzera, lan-kargak handitzera eta soldata eta lan-baldintzetan atzerakada nabarmena sufritzera.
Jaurlaritza berriak hau guztia kontutan hartu eta egoera errotik aldatu eta hezkuntzara baliabide eta inbertsio handiagoak bideratu beharrean, ez dituzte murrizketak baztertzen. Ez da nahiko esatea “ez dugu murrizketarik egingo behartzen ez bagaituzte, behintzat”. Ados ez badaude, ez dezatela aplikatu eta hezkuntzan ditugun eskumenak defenda ditzatela, ahoz eta ekintzez.
Azken urte hauetan hezkuntzako eragile ia guztiek gogor salatu ditugun erabaki hauek mantentzen baditu, aurrean izango gaitu. Izan ere, euskal jendarteak oinarrizko eskubide eta zerbitzuak indartuko dituen politikak behar ditu, krisi egoera honetatik irteten eta gure etorkizuna sendotzen lagunduko diguten politikak, eta bide horretan hezkuntzaren garapena funtsezkoa dugu. Lan horretan arituko da ELA.
Bestalde, kezka handia sortzen dio ELAri Wert ministroaren LOMCE hezkuntza erreformaren aurrean Hezkuntza Saila agertzen ari den epeltasuna. Sindikatu honek, behin eta berriro salatu duen moduan, hezkuntza guztiz zentralizatu, ideologizatu eta merkantilizatu nahi duen eraso izugarri baten aurrean gaudela. Hezkuntza ministroak behin baino gehiagotan adierazi du, azkena sailburuari berari, erreforma hau itxia dagoela eta akordioekin edo akordiorik gabe onartzeko asmoa duela. Erreformaren edukia eta Espainiako Gobernuaren jarrera ikusita, Uriarte sailburuak elkarrizketa eta adostasunerako egiten dituen deiak, bide motza dutela dio ELAk. Erreformaren onarpena eta bere inposaketa Euskal Herrian galaraziko duten bide eta estrategia eraginkorrak jorratzeko eskatu dio ELAk Hezkuntza Sailburuari.
Euskal jendarteak gure behar eta nahiei erantzungo dien hezkuntza behar du eta bide horretan pausoak ematea inoiz baina premiazkoa da. Horrela eskatzen du ELA sindikatuak eta lan horretan ahaleginduko da.