Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza publikoan 349 lanpostutik gora murriztu ditu 2014-15 ikasturtean

2015/03/03
Ehunka ikastetxetan eginiko azterketaren ondorioz antzeman du EAEn dauden 546 ikastetxe publikotatik 256etan (ikastetxeen %47an) esleituriko gela eta lanpostuetan murrizketa larriak inposatu direla eta erabilitako irizpideek ez dutela betetzen Hezkuntza Sailak berak argitaraturiko dekretuek diotena. Erabaki hauen ondorioz 2008-09 ikasturtetik hona 1.775 lanpostu murriztu dira.

ELAk, iazko ikasturte amaieran aurreratu moduan, sakon aztertu ditu Eusko Jaurlaritza ikastetxe publikoetan lanpostuak eta baliabideak esleitzeko erabiltzen ari den irizpideak. Ehunka ikastetxetan eginiko azterketaren ondorioz antzeman du EAEn dauden 546 ikastetxe publikotatik 256etan (ikastetxeen %47an) esleituriko gela eta lanpostuetan murrizketa larriak inposatu direla eta erabilitako irizpideek ez dutela betetzen Hezkuntza Sailak berak, sektorean gutxiengoa duten CCOO eta UGT sindikatuekin sinatu eta onarturiko dekretua bera ere (185/2010 dekretua).

Indarrean dagoen araudiak gelak osatzerako orduan arauturiko ikasle/gela ratioen gainetik %10eko gehikuntza bat ahalbidetzen du soilik oso egoera berezietarako: ikasle batek maila gainditzen ez duenean edo eskolan berandu hasten diren ikasleak onartzeko, alegia (ikasleen onarpena arautzen duten 175/2007 eta 35/2008 dekretua). Hezkuntza Saila egoera berezi hauei muzin egin eta modu orokortuan ari da aplikatzen %10eko gehikuntza hau, honela gela bakoitzean ikasle gehiago sartuz, ikastetxeei gela gutxiago esleituz eta ondorioz baliabide eta lanpostu gutxiago eskainiz. Izan ere, indarrean dagoen araudiaren baitan, gelak murrizteak zuzeneko lanpostuak murrizteaz gain (gelen tutoretza), honi lotutako beste hainbat baliabide, lanpostu eta kreditu gehigarrien murrizketa ere badakar berarekin kasurik gehienetan (espezialistak, aholkulariak, kudeaketa kredituak, proiektuetarako kredituak, PTE edo ALE kredituak, etab.).

Erabaki larri hauen ondorioz 2014-15 ikasturtean Hezkuntza Sailak gutxienez 349 lanpostu “aurreztu” edo hobe esanda, murriztu ditu (ikastetxe horiei legez zegozkien gela eta baliabide gehigarriak ez dizkiete esleitu, alegia).

Murrizturiko lanpostuak:

HH eta LH     DBH       Guztira  
Gipuzkoa -60 -40 -100
Bizkaia -73 -86 -159
Araba -60 -30 -90
EAE guztira -193 -156 -359

ELAren ustez murrizketa hauek hezkuntza publikoaren garapenaren eta hezkuntzako langileen aurkakoak izateaz gain legearen aurkakoak ere badira. Horregatik, iazko ikasturte amaieran adierazi moduan eta sumaturiko murrizketak jarraitzen dutela baieztatu dugun heinean, sindikatuak murrizketa hauen aurka bide juridikoa abian jarri du Eusko Jaurlaritzaren jokabidea salatuz. Salaketa juridikoaz gain, ikastetxe guztietan egoeraren berri emateko batzarrak abian jarri ditugu.

Murrizketa hauek aurreko ikasturteetan inposatu dituzten murrizketa gogorrei gehitzen zaizkie, non matrikulazioa dezente igo den arren langile kopuruan murrizketa gogorrak inposatu diren. Hain zuzen ere, ELAk ikertu dituen datuen arabera, 2008-09 ikasturtetik, gelako ikasle ratioak handitzearen ondorioz 1.775 lanpostu murriztu ditu Uriartek zuzentzen duen sailak.

ELAren ustez erabat onartezina da lehendik ere murrizketa gogorrak jasaten ari diren ikastetxe publikoetan legea bera ere urratzen duten murrizketa hauek inposatzea. Eta honen guztiaren ondorioz, ikastetxeen dagozkien baliabideak kentzea eta funtzionamendu egokia zailtzea, lan-kargak handitzea, hezkuntzaren kalitatea arriskuan jartzea eta urtero ehunka ordezko lanik gabe uztea.

ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio behin eta berriro inposatzen ari den murrizketak eten ditzala eta gure herriko hezkuntzak behar dituen baliabideak eta inbertsioak indar ditzala.

Hala ere, ELA beldur da 2015-16 ikasturterako aurre-matrikulazioak zehazten diren heinean eta baliabide eta lanpostuak esleitzerakoan Hezkuntza Saila, berriro ere, lege hauste eta murrizketa hauek inposatzen saiatuko dela. Horregatik, ikastetxe ezberdinetako zuzendaritza, langile, familia edo ikasleei dei egiten die matrikulazioaren baitan baliabide guztiak egoki esleitzen dizkietela ziurtatzeko eta murrizketa hauek inposatzen ari zaizkienaren susmoa duten heinean lehenbailehen jar daitezela sindikatuarekin harremanetan berehala egoerari buelta emateko beharrezko diren neurriak abian jar ditzagun.