Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza publikoko irakasleei murrizketak aplikatzen jarraitzea besterik ez du planteatzen

2013/12/05
ELArentzat onartezina da Eusko Jaurlaritzak irakasle funtzionarioen mahai sektorialean Madrildik, aurrekontuetatik eta mahai orokorretik datozen murrizketak aplikatzea beste biderik ez duela adierazi izana.

Gaur goizean irakaskuntza publiko irakasle funtzionarioen mahai sektoriala elkartu da.

Aurreko bileretan sindikatuok negoziazio prozesuan funtsezko ikusten ditugun puntuen inguruan Eusko Jaurlaritzaren planteamendua zein den argitzea eskatua genuen arren administrazioak puntu horiek guztiak airean uzten dituen proposamena luzatu du.

Bileran azaldu duen moduan, ELArentzat funtsezkoa da negoziazio prozesuan, lehenik eta behin, orain arte inposatzen ari diren murrizketak alde batera uztea eta lan-hitzarmenaren ardatza diren puntuetan oinarrizko edukiak bermatzea. Hau da, plantilletan eta ordezkapenetan eman diren murrizketak eta honek suposatu duen enplegu galera, soldaten %20ko eroste galera eta berriro ere murriztuta eta izoztuta mantentzeko proposamena, interinitate eta ezegonkortasun handia, irakastortuak handitzearen mehatxua, bajak kriminalizatu eta ez osatzea, erretiroa eta adinagatiko jardunaldi murrizketa okertzea...

Gogor salatu dugu berriro ere hezkuntza aurrekontuan eman den murrizketa eta honek izango dituen ondorioak.

Eta azkenik, azkeneko urteetan gertatu den moduan, Eusko Jaurlaritzak akordioak gutxiengoan sinatu dituenez eta sinaturiko akordioak ere bete ez dituenez, akordioak gehiengoarekin soilik sinatzeko eta sinaturikoan beteko dituenaren bermea eskatu diogu.

Honen guztiaren aurrean Hezkuntza Sailak adierazi du Madrilgo dekretuak alde batetik, aurrekontua legea bestetik eta mahai orokorrean administrazioak harturiko erabakiak azkenik oinarrizko eduki hauetan murrizketak bere horretan mantentzera behartzen dituela. Baina prest dagoela gai hauek guztiak alde batera utzita, gainerako puntuak negoziatzeko.

ELArentzat onartezina da hezkuntzako goi arduradun politikoek alde batetik horrelako murrizketa neurriekin ados ez daudela esatea, baina aldi berean neurri horiek guztiek inposatzea eta gainditzeko inolako borondate politikorik ez izatea. ELAk benetako ardura politikoa eskatzen die Hezkuntza Saileko buruei eta, dioten moduan hezkuntza lehentasun moduan badute, hezkuntzan benetako inbertsioa egin dezatela kalitateko hezkuntza bermatu dadin baliabide eta lan-baldintza onak ziurtatzeko.

Hau honela, eta bai mahai orokorrean baita gainerako irakaskuntzako gainerako mahaietan ere Eusko Jaurlaritza azaltzen ari den jarrera kontutan izanik irakaskuntzako langileei ere dei berezia egiten diegu abenduaren 17an 18:30etan Donostia, Bilbo eta Gasteizen zerbitzu publikoen alde eta negoziazio eskubidearen defentsan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko.

Jaitsi irakaskuntzako kartela