Eusko Jaurlaritzak legez kanpoko ratioen igoerarekin 196 lanpostu suntsitu ditu
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ikastetxeei bidali berri dizkie datorren ikasturterako behin betiko Haur eta Lehen Hezkuntza esleitzen dizkieten gela eta lanpostu kopurua.
Gauzak horrela, lanpostuen defentsa egin beharrean, 196 ordezko kaleratzen ditu Eusko Jaurlaritzak eta beste behin, murrizketak aplikatzen ditu ezkutuko ERE berriak eginez.
ELA ohartu da esleituriko gela eta lanpostuetan murrizketa larriak inposatu direla eta erabilitako irizpideek ez dutela betetzen Hezkuntza Sailak berak, sektorean gutxiengoa duten CCOO eta UGT sindikatuekin sinatu eta onarturiko dekretua bera ere (185/2010 dekretua).
Indarrean dagoen araudiak gelak osatzerako orduan arauturiko ikasle/gela ratioen gainetik %10eko gehikuntza bat ahalbidetzen du soilik oso egoera berezietarako: ikasle batek maila gainditzen ez duenean edo eskolan berandu hasten diren ikasleak onartzeko, alegia (ikasleen onarpena arautzen duten 175/2007 eta 35/2008 dekretua). Hezkuntza Saila egoera berezi hauei muzin egin eta modu orokortuan ari da aplikatzen %10eko gehikuntza hau, honela gela bakoitzean ikasle gehiago sartuz, ikastetxeei gela gutxiago esleituz eta ondorioz baliabide eta lanpostu gutxiago eskainiz.
Baina murrizketak inposatzerako orduan Eusko Jaurlaritza haratago doa. 2011. urtean Espainiako Gobernuak, Rajoy buru, inposaturiko murrizketa irizpideen baitan administrazioei aukera ematen zien ikasgelak osatzerako orduan, onarturiko ikasle/gela ratioetan %20rainoko gehikuntza ahalbideratuz. Eusko Jaurlaritza publikoki neurri honen aurka agertu zen, baita Auzitegi Konstituzionalean erabaki honen aurkako helegitea aurkeztu ere. Orain ordea, Espainiako Gobernuak ahalbideratzen duen murrizketa irizpide hau bera aplikatzen ari da Hezkuntza Saila, 32 ikastetxeen kasuan baita gaindituz ere eta indarrean dagoen dekretuan inolako aldaketarik egin gabe.
27 ikastetxe dira murrizketa bereziki gogorra jasan dutenak. Ikastetxe hauei 2 irakasle baino gehiago murriztu zaie, ikastetxe bat 9,9ko murrizketariano iritsiaz.
Honi lotuta, indarrean dagoen araudiaren baitan ikastetxeei dagozkien baliabideak, ordu kredituak eta ondorioz lanpostuak ere ez dira betetzen ari kasu askotan.
Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan irizpide berdinekin jarraituz gero beste ehunka izango dira desager araziko dituzten lanpostuak.
ELAren ustez murrizketa hauek hezkuntza publikoaren garapenaren eta hezkuntzako langileen aurkakoak izateaz gain legearen aurkakoak ere badira. Horregatik, ELAk egindako zuzenketa eskaerari muzin egin dionez, berehala zuzentzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari gainerakoan bide juridikoa hartzea beste biderik ez bailiguke utziko.
Murrizketa hauek aurreko ikasturteetan inposatu dituzten murrizketa gogorrei gehitzen zaizkie, non matrikulazioa dezente igo den arren langile kopuruan murrizketa gogorrak inposatu diren.
ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio behin eta berriro inposatzen ari den murrizketak eten ditzala eta gure herriko hezkuntzak behar dituen baliabideak eta inbertsioak indar ditzala.