Eusko Jaurlaritzak murrizketa larriak inposatu nahi ditu Helduen Hezkuntzan

2014/05/22
Baliabideetan aurreztea oinarrizko hezkuntza eskubide eta zerbitzua bermatzearen gainetik ezarri du eta hamarnaka lanpostu desegin nahi ditu.

Pasa den maiatzaren 15ean Eusko Jaurlaritzak Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan ikastaldeak eta lanpostu zerrendak arautzeko ebazpena atera zuen.

Bertan, ikastaldeak osatzeko gutxiengo ikasle kopuru onartezinak ezartzen dira edota ikasketa ez arautuak (atzerritarrentzat euskara eta gaztelania ikasteko edota unibertsitatera, lanbide heziketako goi zikloetara eta Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko sarrera froga prestatzeko ikasketak) irakaskuntza arauturako dauden baliabideen baitan mugatzen dira.

Modu berean, Hezkuntza Saila ikastaldeak eratzeko irizpideak eta hauei eman beharreko trataera aldatzen ari da, honela ikastetxeei eskaini beharreko lanpostu zerrendan murrizketan justifikatu asmoz. Hau da, irakaskuntza arautuan ikastaldeak osatzeko irizpideak aldatzen dira eta horrela baliabideak murrizteko bidea irekitzen dute; eta irakaskuntza ez arautuan ezingo direnez irakaskuntza arautuan dauden baino talde gehiago izan, aurreko murrizketei oraindik ere murrizketa handiagoak gehitzen dizkiete, nahiz eta talde horiek aurrez aipaturiko ikasketetakoak izan. Ondorioz, hezkuntza behar horiek dituzten pertsonak aukerarik gabe utziz. Kasu batzuetan atzerritarrentzat gaztelania edo euskara taldeek %50eko murrizketa pairatuko dute.

ELArentzat oso larria da Hezkuntza Sailak hartu duen erabakia. Izan ere baliabideak aurreztea oinarrizko hezkuntza eskubideak asetzea edo guztiontzat kalitateko oinarrizko hezkuntza zerbitzua bermatzearen gainetik jartzen baitu. Erabaki honen ondorioz Eusko Jaurlaritzak hezkuntzarako oinarrizko eskubidea arriskuan jartzen du, hamarnaka lanpostu desegingo ditu, Helduen Hezkuntzarako Ikastetxeek askoz ere langile eta baliabide gutxiago izango dituzte, lan-kargak biderkatu egingo dira eta ikasle gutxiko ikastetxetako eta landa eremu eta kartzeletako helduen hezkuntza arriskuan jartzen da.

Honegatik guztiagatik ELAk Hezkuntza Sailari eskatzen dio ebazpen hau zuzendu dezala eta ez ditzala murrizketa gehiago inposatu. Izan ere oinarrizko eskubideak eta kalitateko hezkuntza jokoan baitaude, ziurrenik baliabide eta aukera gutxiena duten pertsonen kaltetan.