HEZKUNTZA LEGEA
Eusko Jaurlaritzaren Legea ez babestea eskatu du ELAk Legebiltzarrean

Subiranotasunik gabe
ELAk salatu du aurkeztutako lege proiektuak betikotu egingo duela hiru saretan banatutako hezkuntza sistema. “ELAk sare publiko subirano batera salto egiteko trantsizioa behar dela esan du maiz, baina legeak ez du hori bermatuko”, deitoratu du.
Euskara gutxiago
Hizkuntza ereduari dagokionez, Jaurlaritzak eredu eleanitza inposatu nahi duela salatu du, egungo D ereduaren kaltetan eta A eta B ereduak mantenduta. Legeak ez du ahalbidetuko euskalduntzea ahalbidetzen duen inbertsio eredua orokortzea; erdalduntzea, ordea, erabat bermatuko da.
Euskal curriculuma
Legeak ez ditu hezkuntzaren edukiak aipatzen; ondorioz, ez da euskal curriculuma askatasunez garatzeko modurik egongo.
Segregazioa mantenduko da
Aurrekoaren ondorioz, segregazioaren jatorrian dauden egiturazko elementuak ez direla aldatuko, eta Eusko Jaurlaritzak ikasleen onarpenean soilik eragingo du.
Inbertsio falta
Sindikatuak gogorarazi du legeak ez duela aurreikusten baliabideak bideratzea Europarekin dagoen inbertsio aldea gainditzeko. Gauzak horrela, ikastetxeen autonomia behar bezala garatzeko baliabideak faltako dira aurrerantzean ere, deitoratu du.
Behin-behinekotasuna ez da murriztuko
Lan baldintzei dagokienez, gogorarazi du ez dela neurririk aurreikusten sare publikoan orokortutako behin-behinekotasuna murrizteko, egungo plantillak finkatzeko, ezta jaiotza tasaren beherakadaren ondorioz gertatu den enplegua suntsitzea saihesteko ere.
Horregatik guztiagatik, ELAk dio legearekin egungo hezkuntza sistema dagoen bezala mantenduko dela, eta, orain arte bezala, eredu zentralizatzaile eta merkantilista onartuko dela.
Horregatik, ELAk azpimarratu du Estatuko legedia gainditzea ahalbidetuko duen dinamika sozial, politiko eta legalaren alde egingo duela.