EAEko Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeak

Eustea garaitzea denean

2024/04/17
Ordezkaritzaren % 58a duen ELAk akordio handia lortu du EAEko Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetan, presio handia jasan zuen arren

“Akordioa oso ona da, negoziazioaren hasieran mahai gainean jarri genituen proposamen guztiak jasotzen ditu. Izan ere, sindikatu guztiek sinatu dute. Aurreakordioa sinatu ez zuen LABek berak ere sinatu du greba-amaierako akordioa, bere afiliatuen batzarretara eraman ondoren”. Miren Zubizarreta, Irakaskuntzako arduraduna, oso pozik agertu da EAEko Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeen hitzarmen kolektiboari dagokionez ELAk AIZE eta Kristau Eskola patronalekin lortutako akordioarekin.

Hori frogatzeko, lorpen nagusiak zerrendatu ditu, ez bakarrik soldatekin erlazionatuta daudenak –adibidez, bermatutako soldata-igoera % 16koa izango da, 2021-2024 aldirako KPIa bermatuz–, baita beste hainbat arlotan lortutakoak ere, hala nola enplegua mantentzea, lan-kargak arintzea, berdintasun-planak, arrisku psikosozialak, euskara edo prestakuntza profesionala. Neurri horiek, batez ere, sektore feminizatuenei egiten diete mesede.

Otsailaren 5etik 6rako goizaldean lortutako akordio handia, sindikatuak negoziazio kolektiboan duen garrantzia erakusten duena. Izan ere, Igor Eizagirre zerbitzu publikoen arduradunak nabarmentzen duen bezala, sindikatuak karta onak zituen negoziazio horretan. “Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetan oso koadro onak ditugu, oso ordezkari onak, oso militante onak. Afiliazio-tasa % 30 ingurukoa da. Eta, akordio ona lortu arte beharrezkoak diren greba-egunei aurre egiteko aukera ematen duen erresistentzia-kutxa daukan sindikatua dugu. Hori da sekretua, ez dago besterik. Elementu horiek badituzu, nahi dutena presionatu ahal izango zaituzte, baina, ikusi dugunez, alferrik izango da”.

Negoziazio-mahai bat eta interes asko

Negoziazio-mahai guztietan bi alde egon ohi dira, gutxienez. Esaten dugu bi alde –patronalak, publikoak edo pribatuak, eta langileen aldeak, sindikatuek ordezkatuak–, hitzarmen honen negoziazioan era batera edo bestera parte hartu duten alde gehiago ere egon direlako. “Eusko Jaurlaritzak –nabarmendu du Igor Eizagirrek– presioa egin du akordioak lan-baldintzei dagokienez Hezkuntza Legearen testuinguruan ekainean LABekin Arantzazun adostutakoa jaso dezan”.

Soldaten homologazioa eztabaidagai nagusi gisa

“Eusko Jaurlaritzak bere makineria jarri zuen martxan negoziazioa baldintzatzeko eta ELA soldatak homologatzeko planteamenduan sartzera behartzeko. Hori zen Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia, baina ez haiena bakarrik. LABek, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek eta, neurri batean, ikastolen patronalak ere helburu hori zuten. Interes komunen batuketa horren alde txarra ez da ELAk planteatzen zuenaren aurka zihoazela, langileen interesen aurka zihoazela baizik. Uste dut ez zitzaiela axola Gizarte Ekimeneko zentroetako langileen lan-baldintzak sakrifikatzea euren interes ekonomikoen mesedetan”.

Zergatik zuten ELA homologazio-planteamendu horretan sartzeko interes hori? (Ñabardura bat. Homologazioaz ari garenean, soldaten homologazioaz ari gara, beste arlo batzuetako homologazioari buruz ez baitute ezer esan). Miren Zubizarretak arrazoiak azaldu ditu. “Patronalak Eusko Jaurlaritzak ematen dion finantzaketarekin estali nahi ditu soldatak, eta kito. Ez du gatazkarik nahi gai horretan. Eusko Jaurlaritzak ere baditu bere interesak. 2023ko ekainean, Hezkuntza Legearen inguruko akordioa sinatu zuen LABekin. Bertan, besteak beste, itunpeko irakaskuntzako langileen soldatak langile publikoenekin homologatzea jasotzen zen. Eusko Jaurlaritzak eta LABek eskema hori irakaskuntzaren sare osora eraman nahi dute. LABek une horretan EH Bilduk Hezkuntza Legearen aldeko jarrera zuelako sinatu zuen akordio hori. Ondoren, EH Bilduk ez zuen Hezkuntza Legea babestu, baina ez horregatik, eztabaida ez da inoiz puntu horretan egon. Izan ere, homologazioaren gaian, planteamendua 2023ko ekaineko berbera da”.

“Soldaten homologazioari dagokionez, aurka egoteko arrazoiak ditugu. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako eta ikastoletako langileentzat, soldata-igoeretarako erreferentzia ez da KPIa izango, irakaskuntza publikoko langileen soldata-igoerak baizik. Zer gertatzen da igoera horiek KPIren azpitik badaude? Ba jan egiten dituzula, eta kito. Baina, KPIaren erreferentzialtasuna galtzeaz gain, igoera horiekin ados ez bazaude, ez duzu borrokatzeko aukerarik. Negoziazio kolektiboan soldata-igoera hobeen alde borrokatzeko aukerari uko egitea dakar. Hori ez dugu onartzen ez ikastoletan, ez Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan, ez beste esparruetan”.

Interesen bat-egitea, akordio gurutzatuak

Negoziazioak ez dira lerro zuzena beti, batzuetan beste bide eta interes batzuk gurutzatzen dira. Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetan akordioa lortzeko prozesua horren adibide ona da.

“Langileek hamar greba egun deitu zituzten urtarrilean –17, 18, 23, 24, 25– eta otsailean –6, 7, 8, 19, 20–. Urtarrileko greben bezperan aurreratu egin zen greba-egun horien ondorenerako deitua zegoen Ikastolen Hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bilera, egun horiekin bat etorraraziz. Negoziazio mahai horretan, LABek eta ikastolen patronalak, funtsean, soldaten homologazioa jasotzen zuen aurreakordioa lortu zuten. Ikastoletan zenbait soldata aplikatuko zirela adostu zuten, 2024-2027 aldian Hezkuntza Publikoko langileen soldatara iritsi arte. Horrek esan nahi du soldatak sektore publikokoek dituztenak izango direla, soldata-igoerak (edo soldata-murrizketak, egonez gero) KPIarekin lotuta egon barik. Soldata-igoeren puntu horretan ez da inolako negoziaziorik egongo ikastoletan, sektore publikoan aplikatuko diren igoera berberak aplikatuko dira, eta kito”.

Aurreakordio horrek homologazioan oinarritutako akordioa lortzeko presioa areagotu baino ez zuen egin. “Gure kontrako diskurtsoa biziagoa bihurtu zen. Egun osoa matraka berarekin: ea nola lor zitekeen akordio bat ikastoletan eta ez Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan, zelan egon zitekeen homologazioaren kontra aldarrikapen historikoa zenean, zergatik ez zen baliagarria Gizarte Ekimeneko ikastetxeentzat Ikastolen soldata-igoera…”

Presioak funtzionatzen ez duenean

Presioa gorabehera, urtarrilean deitutako bost greba egunak oso ondo atera ziren. Jarraipena oso garrantzitsua izan zen, eta mobilizazioak masiboak. Matrikulazio-aldia hurbiltzen ari zen, eta aldi horretan otsaileko grebak deituta zeuden. Egoera horren aurrean, eta ELAk presioari eusten ziola ikusita, patronalak gaiari karpetazoa eman eta akordio batera iristea erabaki zuen. Baina oraindik bazeuden hutsuneak eta gainditu beharreko oztopoak.

“Akordioaren gauean, otsailaren 5ean, patronalak azken saiakera bat egin zuen soldaten homologazioa sina genezan. 19:00etarako akordioa itxita geneukan, baina ordu horretan Lan Harremanen Kontseilura iritsi ginenean, LABek berriro planteatu zuen, hiru aldiz, greba amaitzeko akordioan adostutako % 16ko soldata-igoera hori jaso behar zela, Eusko Jaurlaritzak homologazio gisa jarriko zuen kontzeptua, 2024-2027 aldirako planteamendua zena...”

“Planteatu zuen lehen aldian patronalak ez zion erantzun. Bigarren aldian ere ez. Baina hirugarren aldiz planteatu zuenean dokumentu bat aurkezten zuen. Une horretan dei gurutzatuak hasi eta bilera bertan behera utzi zen. Tarte horretan, patronala, Eusko Jaurlaritza eta LAB gu homologazioaren gaia sinatzera behartzen saiatu ziren. Publikoa zen LHKn bilduta geundela, kazetari mordoa zegoen. Bazekiten aurreakordioa gertu zegoela. Patronalak berak ere aurreratu zuen. Jakina, presioari eutsi genion eta ez genuen homologazioa sinatu. Akordioan jaso genuena KPIaren gainetik bermatutako soldata-igoerak izan ziren, baita beste zenbat gai positibo pila bat ere”.

 

Oroimen (ona) izatearen garrantzia

RAEren arabera, oroimena iragana atxikitzeko eta gogoratzeko ahalmen psikikoa da. Zorionez, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek oso memoria ona dute. Memoria horrek azaltzen du hitzarmen berrian zergatik eutsi dioten soldata-homologazioa sinarazi nahi zien makina politiko, mediatiko eta sindikal guztiari.

Hala azaldu du Miren Zubizarretak. “2010ean, krisi garaian, Espainiako Gobernuak, Jose Luis Rodriguez Zapatero buru zela, lege-dekretu bat onartu zuen, eta bertan, besteak beste, langile publiko guztiei % 5eko soldata-murrizketa ezarri zitzaien. Eusko Jaurlaritzak % 5eko soldata-murrizketa hori langile publiko guztiei aplikatu zien, irakaskuntzakoei barne. Eta, era berean, % 5 murriztu zuen itunpeko irakaskuntzako langileen nominak ordaintzeko patronalari ematen zaion finantzaketa. Patronalak, orduan, esan zuen: ‘niri Eusko Jaurlaritzak finantzaketa % 5 murrizten badit, nik ere soldatak % 5 murriztuko ditut’. ELAk ez zuen erabaki hori onartu, eta jarduketa sindikalaren bitartez greben eta mobilizazioen bidez borrokatzeaz gain, auzitara jo genuen. Demanda asko aurkeztu genituen, eta irabazten joan ginen, Auzitegi Gorenera iritsi arte, eta hark arrazoia eman zigun. Negoziazio kolektiboan auzitegi guztiek onartu zuten bezala, ez zegoen Itunpekoan lan egiten zutenen soldata langile publikoen soldata erreferentzia gisa hartzen zuen inolako erlaziorik. ‘Soldata-taula batzuk adostu dituzue, eta adostutakoa bete behar da. Hori da negoziazio kolektiboa. Zu, negoziazio kolektiboaren ondorioetarako, patronal pribatua zara’ , esan zuen Auzitegi Gorenak. Ordutik, Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako patronalarentzat obsesioa da soldatak langile publikoenekin lotuta joatea. Eta hori horrela da Estatu osoan, itunpeko ikastetxeetan ez baitago negoziazio kolektiborik”.

“Borroka horrek langileak aktibatu zituen, eta urte haietako beste lan-gatazka batzuekin batera –ultraaktibitatearen aldeko borroka, euskal hitzarmenak estatukoen gainetik jartzeko borroka...–, borroka-kontzientzia nabarmena izatea erraztu zuen. Ondo baino hobeto dakite homologazioak zer ekar dezakeen, baina beherantz, lehen pertsonan bizi izan dutelako. Egia da urteak igaro direla eta mobilizazio horietan egon ziren pertsonek erretiroa hartu dutela, baina txinparta horrek bizirik dirau, eta lehen aldiz lanean hasten direnei azaltzen zaienean, argi eta garbi ulertzen dute hori”.