Ezinbestekoa da bermatzea Covid-19a dela-eta Itunpeko Hezkuntzak jasoko duen dirua osasunera eta hezkuntzara bideratuko dela

2020/11/25
Eusko Jaurlaritzak itunpeko ikastetxeei 36,6 milioi euro bideratuko dizkiela jakin ostean, ELAk patronalei eta Hezkuntza Sailari eskatu die gobernu-kontseiluan onartutako laguntzak benetan bideratu daitezela eskoletan osasuna eta hezkuntza bermatzera. Ildo horretan, sindikatuak iragarri du erne egongo dela hori horrela den ala ez, eta aurreratu du beharrezkoak diren mobilizazioak eta ekimenak abiaraziko dituela planifikazio faltak, neurriek eta baliabideek sor ditzaketen arazoak eta ondorioak konpontzeko.

Hezkuntza Sailak eraginkortasun mugatuko neurriak eta baliabideak ere erabaki ditu itunpeko ikastetxeentzat, plangintza bati erantzuten ez dioten eta sektoreko sindikatuekin partekatzen edo negoziatzen ez diren irizpideen arabera.

Gauzak horrela, ELAk salatu du Hezkuntza Sailak eta sektoreko patronalek uko egin diotela itunpeko ikastetxeentzako plangintzari, irizpideei eta baliabideei buruzko negoziazio- eta elkarrizketa-esparru bat irekitzeari, sektoreko patronalek, Sailak berak eta sindikatuek osatua.