HEZKUNTZA PUBLIKOA EAE

Gehiengo sindikala negoziazio mahaira Hezkuntzaren proposamena ezagutu gabe joango da

2025/05/08
Gaur Legebiltzarrean osoko bilkura eta irakasleen mahai sektoriala deitua izan dela eta, Legebiltzarraren atarian bildu dira irakasleak urtarrilean hasitako greba eta mobilizazio zikloa bukatzeko benetako negozizazioa eskatzeko.

Bederatzi greba egunen ondotik eta hamaika mobilizazioren ostean, apirilaren 10ean Hurrengo aste osorako greba deialdia iragarri zuten %90eko ordezkaritza duten STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek Sindikatuek negoziatzeko prestasuna adierazi arren, Hezkuntza sailak gaur arratsalderako deitu duen mahaian aurkeztuko duen proposamen berria ezagutu gabe jarraitzen dutela azpimarratu dute. Izan ere, eskatutako eduki, zehaztapen eta bermeak proposamenean jasoko diren ezagutu gabe eta deialdiaren berri prentsa bidez jakin dutela salatu dute, hilabete egon baita hezkuntza saila sindikatuekin harremanik izan gabe.

Argi dute aurreko grebetako jarraipenak, mobilizazio arrakastatsuek, greba deialdi berriak eta hezkuntza komunitateari luzatutako deiak eragina izan dutela negoziazio deialdi berri honetan.

Egindako grebetan langileek argi eta garbi adierazi dute hitzarmena orain eta hemen negoziatzeko beharra, eta sindikatuen aldetik, erabateko prestasuna izan dute beraiekin biltzeko. Gaurkoan hitzetatik negoziazioetara pasatzea espero dute.

Greba ziklo honetan aldarrikapen zehatzak igorri dizkiete sindikatu eta langileek Hezkuntza Sailari: gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetu eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta jaiotza-tasa aitzaki hartuta aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea. Era berean, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, lan-osasuna zaintzea, kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko, baliabide pertsonalak eta hauetarako beharrezkoak diren formakuntzak ezartzea, eta azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea eskatu dute behin eta berriz sindikatuek eta langileek.

Era berean, eskertu nahi dute orain arte eta ostiral arratsalderako familia eta ikasleek antolatutako mobilizazioak, baita sindikatuek adostutako manifestuari atxik¡mendua eman izana ere. Milaka dira jaso dituzten norbanakoen sinadurak eta hamarnaka eragileenak. Guztiek aldarrikapenak babestu eta larunbaterako deitu duten manifestazioan bat egingo dute EAEko hiru hiriburuetan. Donostian, arratsaldeko 17:00etan, eta Bilbo eta Gasteizen 18:00etan.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea.