Celaak gelako ikasle kopurua handitu du jada Itunpeko Irakaskuntzan

Madrilgo gobernuak iragarri dituen erabakiak direla-eta Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak esan du “hezkuntzan murrizketak egitean, herri txiro eta atzeratuen argazkietara itzultzen gara, ustez ahaztuta zeuden irudietara”.
Sailburuak, beraz, euskal hezkuntza sistemaren babesle nagusi gisa plazaratu du bere burua, batetik ez omen diolako espainiar gobernuari onartzen EAEri dagozkion eskumenetan esku hartzerik, eta bestetik kalitatezko hezkuntza-sistema baten alde dagoela esanez, irakasle ratioen igoerak edo geletan dauden ikasleen kopurua gehitzeak “sistemari kalitatea kenduko lioketelako”, eta erabaki horien helburu bakarra “merkatuak asetzea” delako.
ELAk Hezkuntza sailburuaren hipokrisia salatu nahi du, izan ere, itxuraz euskal hezkuntza sistemaren kalitatea defendatzen duen bitartean (gela bakoitzeko ikasle kopurua igotzerik onartzen ez duela esanez), itunpeko ikastetxeetako patronalarekin, ikastoletan eta gizarte-ekimeneko zentroetan alegia, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) ratio horietxek aldatzeko modua ari da negoziatzen.
Neurriok DBHko ikasleen erdiarengan dute eragina; izan ere, ikastetxeetan gela asko itxiko baitira eta ondorioz irakasleak kaleratu eta ikasleak beste gela batzutan banatu. Horrela gelako ia 40 ikasle izatera iritsiko ginateke; horrek hezkuntza kalitatean dakarren kaltearekin. Akaso sailburu andereak badauka ratio horiekin kalitatezko sistema bat izateko errezetarik?
Celaa beraren hitzak hartuz, Hezkuntza Sailburuak murriztu egin behar al ditu seme-alabak DBHko aro zailean bere Sailaren ardurapean jartzen dituzten gurasoen eskubideak,“herri txiro eta atzeratu”etako hezkuntza eskainiaz, helburu bakarra “merkatuak asetzea” izanik?
ELAk Hezkuntza sailburuaren neurri bikoitza salatu nahi du, batetik prentsan bere burua hezkuntza-sistemaren babesletzat saltzen baitu, eta bestetik itunpeko irakaskuntzan murrizketak ezartzen ari baita, Madrildik Wert ministroak iragarri baino askoz lehenago.
Halaber, patronalen jokabidea ere salatzen dugu, Hezkuntza Sailarekin murrizketa hauek negoziatzen ari baitira eta lanpostuetan eta hezkuntza kalitatean izango duten eraginaren jakitun ez dute sindikatuekin ezer hitz egin nahi izan lanpostuak defendatzeko ezta gurasoei honen berri eman ere.
ELAk murrizketa berri hauek salatzeaz gain arriskuan jartzen diren lanpostuak eta hezkunztaren kalitatea gogor defendatuko ditu horretarako egoki ikusten dituen bide guztiak erabiliz.