Gizarte Segurantzak epaitegietara eraman du Hezkuntza Saila ELAren salaketa baten ondorioz
Salaketa horri esker, Hezkuntza Departamentua legez kanpo jokatzen ari zela ebatzi zuen lan ikuskaritzak. Soilik 2012-2013 ikasturteari dagokionez 97.780 eurotako isuna jarri zion ikuskaritzak Iribasen Departamentuari. Horretaz gain, 11.613 eurotako errekargua eta bere garaian ordaindu ez ziren kotizazioak, 69.768 euro alegia. Hau da, 110.000 eurotako zigorra 30 pertsonen eskubideak urratzeagatik.
Argitu behar da, pertsona hauek astero 50 minututako 14 saio ematen zituztela ikastetxe publikoetan hilabetean 700 euroren truke. Haien lanen artean, ikasleekin atzerriko hizkuntzan ahozko trebetasunak lantzea zegoen. Hezkuntza Departamentuak bekadunak eta ez langileak zirela esanez justifikatu nahi izan zuen eskubide urraketa hau , baina ELAk eta lan ikuskaritzak berretsi dute ez zela horrela.
Gaur, 2014ko urriaren 7an, Gizarte arloko 2. epaitegian Hezkuntza Departamentua akusatuen aulkian eseri da, ez baitu pertsona hauen gizarte-segurantza ordaintzeko inolako asmorik agertu. Hau honela, Iribasek elkarrizketa laguntzaileen programa bertan behera uztea erabaki du eta bere ordez Gorputz-Heziketako 20 ikasle britaniar ekarri ditu Nafarroara; Leonardo dirulaguntzekin eta aste batzuetarako.
ELAk preskripzio epeak eteteko asmoz, aurreko lau ikasturteak kontutan hartuko dituen salaketa zabaldu du, pertsona hauen eskubideak bermatzeko. Hezkuntza Sailaren eskubide urraketa eta arduragabekeria honen ondorioz nafar guztiek ordaindu beharreko isuna eta errekarguak biderkatu egingo dira.
ELAk edozein langilerekin duen konpromisoa berresten du, batez ere egoerarik prekarioenak sufritzen ari direnekin.